argia.eus
INPRIMATU
Droneak hasi dira erabiltzen erleak hiltzen dituen liztor beltzaren kontra
  • Vespa Velutina liztor beltzak, Txinatik iritsita XXI. mende hasieran Europa hego-mendebaldeko erlezainen buruhausterik handiena denak, beste etsai bat saihestu beharko du etengabeko inbasioarekin jarraitzeko: gerrarako bezala edozein atal komertzialetarako erabiltzen diren droneak hasi dira erabiltzen liztorren habiak suntsitzeko.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko ekainaren 07a
Drone Spray Hornet V1 dronea liztor beltz habia bat pozoitze lanetan.

Ingelesez “erlamando” esan nahi duten droneen bertsio bat baino gehiago ari dira zabaltzen. Berrikitan Le Monde egunkariak zabaldu duenez, Drone Volt konpainiak Drone Spray Hornet V1 aparatua atera du merkatura, ziurrenik administrazio publikoek erabilgarritasuna ikusiko diotelakoan Asiako liztorraren habiak suntsitzeko.

Hegazkin miniaturazko hau garatu dute duela urte pare bat Landetako Vision Scope eta Landes Guêpes konpainiak garatu zuten prototipoaren gainean.

Erlezainari bitxi egiten zaio orduko modelotik gaurkora nola aldatu den liztorrak pozoitzeko sistema: hasierakoak tutu luze batekin injektatzen zion pozoia habiari, gaur egun gure artean erlezainek eta suhiltzaileek oraindik haga luzeekin egiten duten moduan; aldiz, bertsio berrian, dronea hurbiltzen da habiara eta pare bat metroko tarte batetik botatzen diote pozoia.

Esan beharrik ez dago erlezainen artean eta, batik bat, naturaren logika ulertu nahi duten ekologoen artean liztorrak pozoitzeko estrategiok oso eztabaidatuta daudela.