argia.eus
INPRIMATU
Drogak udan?
Ai Laket! elkarteak informazioa eta prebentzioa sustatuko ditu herriz herri
  • Ai Laket! drogen prebentziorako taldea herriz herri ibiliko da uda honetan drogen efektuez ohartarazteko.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 06a
Ai Laket!-eko kideak uda osoan herriz herri ibiliko dira furgonetarekin drogen inguruan berri ematen (Argazkia: El Diario Vasco)

Info7 irratiak Unai Perez de San Roman elkarteko koordinatzailea elkarrizketatu du. Duela hamabi urtetik herriz herri drogek bai epe motz bai epe luzean eragin ditzakeen ondorioez ohartarazten dute.

San Romanen arabera, droga legalak –alkohola, tabakoa eta kafea– dira gehien kontsumitzen direnak. Horregatik ezin dugu ahaztu ”alkohola droga bat den heinean bere arriskuak ere badituela”.

Legalak ez diren drogen artean, kalamua da gehien analizatzen duten substantzia, hori baita kontsumituena. Lehen haxixa zen substantzia analizatuena; gaur egun ordea, marihuana da gehien hartzen dena. “Duela bost urteko marihuanarekin alderatuz gero, egun askoz fuerteagoa” da droga hau eta “garrantzitsua da dosifikatzea”.

Azken aldian asko hitz egiten da MDMA anfetaminez. Aldiz, Supermanen logoa daukaten beste pilula laranja batzuk ere saltzen ari dira, eta San Romanek ohartarazi duenez, horiek “MDMAren ordez beste substantzia toxikoak dituzte”. Substantzia horiek jadanik Europan sei hildako utzi dituzte eta Euskal Herrian lau kasu atzeman dituzte. Hori dela eta elkarteak “arretaz jokatzeko” eskatu du.

Drogen kontsumorekiko hiriburuetan eta herrietan desberdintasun handiak daudela esan du San Romanek, “presio soziala herrietan hirietan baino handiagoa baita”. Nahiz eta uste orokorrak dioen droga kontsumitzaile nagusiak gazteak direla, helduek ere droga asko hartzen dituztela baieztatu du Ai Laket!-eko kideak. Berritasunetako bat da azkenaldian bulegora aholku bila doazenen “batazbesteko adina 30 urtetik gorakoa” dela.