argia.eus
INPRIMATU
Drakoni neurria hartzen
  • Atenas, K.a. 621 edo 622. Hiriko arkonte eponimo kargua zeukan Drakonek ordurarte ahoz aho zabaltzen ziren legeak kode batean idatzita jaso zituen lehenengoz.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko martxoaren 27a
Drakonek lehen lege-kode idatzia eman zion Atenasi K.a. VII. mendean. Hortik dator “drakoniar” adjektiboa.

Ezer gutxi dakigu Drakonen bizitzaz, haren heriotzari buruzko kondaira bitxiaz gain: Eginako antzokian hil omen zen, babesa eta miresmena modu tradizionalean erakutsiz, bere jarraitzaileek botatako kapela, kapa eta alkandoren azpian itota.

Beraz, Dakron ezarritako lege-kodeari esker da ezaguna batez ere. Eta koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurri zorrotzak direla eta, askoren ahotan dabil haren izena. Izan ere, entziklopediak horrela definitzen du “drakoniar” hitza: lege edo erabaki oso gogorra.

Drakonen kodeak delitu txikiengatik ere heriotza zigorra ezartzen zuelako hartu du esanahi hori, esaterako aza bat lapurtzeagatik. Plutarko (K.o c. 50-120) historialari greziarrak jaso zuenez: “Delitu gehienengatik heriotza zigorra zergatik ezarri zuen galdetzen ziotenean, Drakonek berak erantzuten omen zuen, bere ustez, deliturik txikienak heriotza merezi zutela, eta delitu larriagoentzat ez zitzaiola bururatzen zigor gogorragorik”.

Eta koronabirusaren krisiari aurre egiteko neurri zorrotzak direla eta, askoren ahotan dabil haren izena.

Historialari berriago askok, ordea, Drakonen kodeak egindako ekarpen positiboak nabarmendu nahi izan dituzte: lehenengoz hilketa eta nahi gabeko homizidioa bereizi zituen, zorrengatiko esklabotza zigorra bertan behera utzi zuen (zorduna goi-mailako hiritarra zenean soilik)… Beste askok, hala ere, zalantzan jartzen dute hori guztia, testu originalak itzulpen eta interpretazio askotarako bide ematen baitu.

Baina, finean, legeak idatziz jasotze hutsarekin Atenas pixka bat demokratikoagoa izatea eragin zuen. Aurrez, ahozko legeak elite boteretsu murritz bateko kideek soilik ezagutzen zituzten,  eta haiek nahi bezala interpretatzen eta ezartzen zituen. Drakoni esker, irakurtzen zekien elite zabalxeagorengana ere iritsi ziren.