argia.eus
INPRIMATU
“Dragatzeak material kutsatzaileak hedatzeko arriskua dakar”
  • Abrako itsas hondoan harea erausteari utzi diezaiotela eskatzeko elkarretaratzea egin zuten Getxon abenduaren 15an, talde ugarik deituta. Bilboko Portuko Erdialdeko Kaian bete-lanak egiteko gura dute harea; aurkarien esanetan, ingurumenari kalte larriak eragin diezazkioke itsaspeko hondarra mugitzeak.

Hiruka .eus 2018ko abenduaren 18a
Argazkia: @AbraBizirik

Kaiaren eraikuntza 2016an hasi zen, Bilboko Portu Agintaritzaren aginduz. Betetze-lanei, berriz, joan den urrian ekin zieten; Luzuero lurmuturraren inguruko itsas-hondotik zortzi milioi eta erdi metro kubo harea ateratzea da helburua, horiekaz kaia betetzeko.

Hainbat taldek eskatu dute harea-eustea gelditu dadila, horrek kalte ugari eragingo duela argudiatuta. Hain zuzen, inguruko bizidunengan eragitea, hondartzen egonkortasun kolokan ipintzea, klima-aldaketaren ondoriozko itsas-mailaren igoera larriagotzeko arriskua handitzea eta kutsadura zabaltzea ekar ditzakete lanok, protesta egin dutenen esanetan.

Azken horri dagokionez, dragatze-lanak egite dabiltza gunea oso kutsatuta dagoela adierazi dute, eta hondoko mugimenduek kutsatzaileak inguruan barreiatu eta ingurumenean zein osasunean kalteak sor ditzakeela.

Zapatuan elkartu ziren Algortako Portu Zaharrean, lana etetea eskatzeko. Honakoak izan dira mobilizazioaren deitzaileak: Abra Bizirik Getxoko Plataforma, Meatzaldea Bizirik, Eguzki, Ekologistak Martxan, Tosu Betirako eta Izate Ingurugiro Elkartea.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.