argia.eus
INPRIMATU
Argiz azpimarratutako mezua: Euskal presoak etxera
  • Giza eskubideen alde, dispertsioaren aurkako lanean batzeko deia egin die Sarek herritarrei.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 10
Argazkia: Dani Blanco / ARGIAArgazkia: Dani Blanco / ARGIA

Giza eskubideen alde, dispertsioaren aurkako lanean batzeko deia egin die Sarek herritarrei.

Bilboko kaleetan argiz azpimarratutako mezu bat zabaldu dute milaka herritarrek: "presoak Euskal Herrira, orain". Udaletxetik eta La Casillatik abiatutako bi zutabeek 18:15 aldera egin dute bat Zabalburu plazan, senideak eta astebururo berauek garraiatzen milaka kilometro egiten dituzten Mirentxin furgonetak buru zirela. Sareko kideen izenean, Saroi Jauregi eta Fermin Muguruzak giza eskubideen alde eta dispertsioaren aurka batzeko deia egin diete herritarrei, alderdietako hizkiez gaindi: "Nitasunetik gutasunera pasa nahi dugu. Borondate bera duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Sare indartsu bat osatzeko". Dispertsioaren 500.000 liburuxka banatzea izango dela hurrengo urratsa azaldu dute.

Hona hemen bertsolarien bertsoak:

 

IGOR ELORTZA:

Orain alde eder ta gogorreko

iragana dugulako

Ahora gaurko bortxa latzena

ziegetakoa delako

Maintenant gure etorkizuna

bahitu nahi dutelako

Now denok behar dugulako ta

lortu dezakegulako

hemen gaudenok euskal presoak

libre nahi ditugulako

 

MAIALEN LUJANBIO:

Denboran nonahi denbora omen da

berberak nonahi orenak

espazioak diferenteak

gertu eta urrunenak

beti birsortu ta bizi nahi du

gure herri honen lemak

sinkronizatu egin behar du

geroa gura duenak

hiru orratzeko ordularia:

Orain Hemen eta Denak

 

AMETS ARZALLUS:

Noren ideia izan ote zen

orma hoiek jasotzea?

Ta orma hoien barrualdean

buru-bihotzak lotzea?

gaur kate hoiek askatu nahiak

jendez bete du ortzea

ez da erraza urterik urte

jende gehiago lortzea

ta espero dugu hurrengo urtean

ospatzera etortzea.