argia.eus
INPRIMATU
Dozenaka ikastetxetako milaka gazte pantailetatik deskonektatuko dira hamar egunez
  • “Hamar egun aisialdiko pantailarik gabe bizimodu hobea izateko eta norberak bere begirada kritikoa zorrozteko”. Erronka horri heldu diote maiatzaren 25etik ekainaren 3ra dozenaka ikastetxek Euskal Herrian. Kontsumo arduratsua sustatzea da helburua eta Frantzian eta Quebecen ere egingo dute, 75 hiritan.

2021eko maiatzaren 25a

Zeinek menderatzen du zein?

130 hezkuntza zentrotako 17.000 haur eta nerabek armairuan gorde dituzte telebista, bideojoko, tablet eta smartphoneak. Zabaltzen ari den sedentarismoari aurre egin eta pantailen kontsumoaz gogoetatzeko aprobetxatuko dituzte egun hauek, izan dadin haurra pantaila menderatzen duena, eta ez alderantziz.

“Teknologia bikaina da, baina alde bikoitza du”, diote ekimenaren bultzatzaileek. “Aukera berriak etengabe eskainiz, gure bizitza gero eta erosoagoa egiten du, baina haurren eta nerabeen garunaren eskuragarritasuna ez da inoiz hain preziatua izan”, datuen merkatua tarteko. Hala, egun batzuez deskonektatzeaz gain, konpainia handien eta pantailen gatibu izan ez daitezen horien gaineko kontrolean trebatzea eta eskaintzen diegun denbora orekatzea ere bada ekimenaren asmoa.

Sedentarismoa, egungo arazo handia

Gogoratu dutenez, “haurrak eta nerabeak berez mugitzeko diseinatuta daude, baina gaur egun sedentarioegiak dira eta ez dira fisikoki behar bezain aktiboak. Aisialdiko pantailen aurrean eserita edo etzanda igarotako denborak hartzen du parte. Zenbakiak astronomikoak dira eta osasun fisiko eta mentalean eragina iraunkorra da. Konektatutako objektuen eta gailu mugikorren ugaritzeak loaren kalitatea eta kantitatea ere oztopatzen du”.

Erronka kolektiboa

Egitasmoa urtero errepikatzen dute, maiatza edo ekainean. Nahi duten ikastetxeek har dezakete parte eta egun horietarako pantailak barne hartzen ez dituzten jarduera alternatiboak antolatzen dituzte. Aurten, Urruñako San Frantses Xabier ikastetxean egin dute inaugurazio ekitaldia. Erronka modu kolektiboan ulertzen dute eta ikasleei eskuliburu bat ematen zaie, egunero hainbat aldiz pantailarik gabe puntuak erraz irabazteko aukera ematen diena. Puntu horiek kolektiboki pilatzen dira eta ikastetxe batek milaka irabaz ditzake.

Informazio gehiago nahi izanez gero, lotura honetan eskuratu dezakezu.

Gaiari lotuta:

Pantailarik gabeko harremanak bultzatu nahi dituzten familien bila