argia.eus
INPRIMATU
Sarraskia eragin du junta militarrak Myanmarren, estatu kolpearen aurkako 38 pertsona hil ditu gutxienez
  • Herrialdeko hiri nagusietan istiluak izan dira Poliziaren eta diktaduraren aurkako manifestarien artean. Euskal Herrian 18:30ak zirenerako, gutxienez, 33 hildako aipatu dituzte nazioarteko hedabide nagusiek, sare sozialetan 60tik gora ere zenbatu dituzte. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 38 hildako izan dira. Sarraskia inondik inora.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko martxoaren 03a
Zauritu bat Myanmarreko istiluetan. (Twitter: @pieepho)

Manifestari baketsuei tiro egin diete Myanmarren asteazkenean eta gutxienez 38 hildako zenbatu dituzte herrialde osoko protestetan, nahiz eta hildakoen kopurua etengabe igotzen ari den. Aurreko egunetan ere juntaren aurkako protestetan ere zenbait hildako izan baziren ere, konparaziorik ez, asteazkenekoa izan da otsailaren 1ean estatu kolpea eman zutenetik egunik odoltsuena.

Manifestazioek desafio egin diote junta militarrak ezarritako debekuei eta kalera atera dira demokrazia berrezartzeko eta preso politikoak askatzeko eskatuz. The Guardianek Thinzar Shunlei Yi izeneko giza eskubideen aldeko ekintzaile bat elkarrizketatu du, eta honek dio herrialdean "egunero sarraskia" egiten ari direla.

Sare sozialetan bideo ugari zabaltzen ari dira asteazkeneko biolentzia dokumentatuz. Hari honetan hiri ugaritan jazotako erasoen bideoak biltzen ari dira.

Bitartean protestek jarraitu egin dute hiri askotan, eta manifestariek barrikadak eraiki dituzte juntari aurre egiteko.

Era guztietako materiala baliatzen ari dira manifestariak Poliziarengandik babesteko.