Estatu Islamikoaren Afganistango atalak bere gain hartu ditu ostegunean aireportuan eta bi kilometrora dagoen hotel batean egondako atentatuak. Ebakuazioak aurrera doaz, baina asteartean bukatuko dira. Atzerriko indarrek herrialdea utziko dute talibanek mehatxupean emandako epemuga betetzeko.
80 pertsona baino gehiago hil eta ehunka zauritu dira Kabulgo aireportutik hurbil ostegun arratsaldean egondako bi eraso terroristetan. Estatu Islamikoaren Afganistango taldeak (ISIS-K) bere gain hartu ditu atentatuak. Pentagonoak azaldu duenez, lehen erasoa aireportuko Abbey Gate ateetan gertatu da. AEBko soldaduak sarrerako kontrola egiten ari ziren gizonezko bati, horrek aldean zeraman txalekoko lehergailuak eztandarazi dituenean. Bigarren erasoa aireportutik bi kilometrora dagoen Baron hotelean gertatu da, beste pertsona batek karga leherrarazi duenean. Kenneth McKenzie AEBetako Komando Zentraleko komandanteak adierazi duenez, erasoen ondoren, EIko kideek tiroak egin zituzten dituzte inguruetan.
Afganistango osasun saileko goi kargu batek 60 hildako eta 140 zauritu egon direla esan dio BBC hedabideari, baina komunikabide lokalek eta talibanen iturriek Reuters agentziari emandako zifrak altuagoak dira: 85 hildako zenbatu dituzte, horietatik 72 afganiarrak eta beste 13 AEBetako soldaduak. Tartean, 28 taliban zendu direla esan dute, baina Zabihullah Mujahid bozeramaileak adierazi du ez dutela hildakorik izan.
Bestalde, BBCk 150 zauritu kontabilizatu ditu. Ospitaleetan egoera “kritikoa” dela adierazi du Emergency GKEak. Rossella Miccio presidentea Italian dago, baina kontaktuan egon da elkarteak Kabulen duen ospitaleko osasun langileekin. Good Morning Britain programari azaldu dionez, gau osoan ibili dira lanean ebakuntza geletan, goizaldeko lauak arte. 60 lagun artatu dituzte bi ordutan.
Mujahidek AEBei egotzi die gertatutakoaren errua Twitter bidez zabaldutako mezuan: “AEBetako indarrak segurtasunaren kargu zeuden gunean gertatu da atentatua”. Izan ere, talibanak kanpoko ingurua zaintzen ari dira, eta AEBek 5.200 soldadu dituzte aireportu barruko kontrola egiteko eta azken ebakuazioak burutzeko.
Momentuz, militar horiek bertan geldituko dira datorren asteartera arte, hori baita talibanek atzerriko indarrei Afganistan uzteko mehatxupean eman dieten epemuga. Joe Bidenen tropek 31ra arte jarraituko dute bertan, baina beste hainbat estatuk herrialdean zabaldutako indarrak erretiratzen hasiak dira, eraso gehiago egon daitezkeela uste dutelako.
Lucy Fisher Telegraph hedabideko kazetariak informatu duenez, Erresuma Batuak 100 tropa atera ditu Afganistandik erasoak gertatu eta gero (900 soldadu baino gutxiago daude orain). Ben Wallace defentsa idazkariak adierazi duenez, “ordu pare bateko kontua” izango da ebakuazioak amaitzea, alde egin nahi duten afganiar asko (1.100 inguru) bertan geldituko badira ere.