Elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan diete dozenaka kazetari eta herri hedabidek Pablo Gonzalez kazetariari, haren senideei eta lagunei. “Espetxeratzea bidegabea dela uste dugu, eta horregatik berehala aske uzteko eskatzen dugu”, diote asteartean publiko egin duten manifestuan.
Ahotsa.info, Hala Bedi irratia, Aiaraldea, Zuzeu hedabideak, batzuk aipatzearren, edo ARGIAko lantaldeko kazetariak, Mediabaskekoak, Arabako Aleakoak, Radio Francekoak, Euskal Irratietakoak, Euskalerria irratikoak... dozenaka dira Pablo Gonzalezen aldeko manifestuarekin bat egin duten euskal kazetari eta herri hedabideak. Albistearen amaieran zerrenda osoa du eskura irakurleak.
Mahai gainean jarri dute gerra egoeretan oso garrantzitsua dela kazetarien eta informazioaren alorreko profesionalen lana, gatazkan dauden lurraldeetan gertatzen dena herritarrek lehen eskutik jasotzeko. “Hala ere, gerra guztietan bezala, kazetariak ere helburu militar bihurtzen dituzte. Badirudi ez dituztela lekuko deserosoak nahi eta prentsari eraso egiten diote, informazio-askatasuna urratuz. Zentzu horretan, kezkagarriak dira Europan RT eta Sputnik hedabideak zentsuratu dituen Europar Batasunaren deriba autoritarioa, eta Errusiako Gobernuak prentsa askatasuna murrizteko ezarri dituen lege berriak”, salatu dute.
Manifestuan jaso dutenez, Euskal Herrian ere gertatu izan dira prentsa askatasunaren eta adierazteko eta informatzeko eskubidearen urraketak. Hemen komunikabideak itxiarazi, kazetariak espetxeratu eta haien aurkako atentatuak egin dituztela oroitarazi dute, gaineratuz, gaur egun Espainiako Estatuan, adibidez, Mozal Legeak indarrean jarraitzen duela, eta manifestua sinatu duten kazetari ugari isunak jasotakoak eta jazarpena pairatutakoak direla.
“Horregatik guztiagatik, ondo dakigu Pablo eta haren senideak sufritzen ari diren egoera oso latza eta makurra dela. Hori dela eta, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Europako erakundeei eta Pabloren askatasunaren alde zerbait egin dezaketen pertsonei eskatu nahi diegu Pablo lehenbailehen etxera ekartzeko lanari ekin diezaiotela”.
Amaitu dute esanez askotan frogatu dela presio diplomatikoa oso eraginkorra izan daitekeela eta ziur daudela Pablo Gonzalez Errusian atxilotu izan balute, presio diplomatikoa handiagoa zatekeela. “Beraz, berriz ere gogorarazi behar dugu prentsa eta informazio askatasuna demokraziaren oinarria dela, guztiok babestu beharrekoa, hemen eta leku guztietan”.
Manifestua sinatu duten hedabideak:
Ahotsa.info, Eguzki Irratia, ZuZeu, 97 irratia, Zintzilik irratia, Esan Erran irratia, Hala Bedi irratia, Aiaraldea Komunikabidea, Txapa irratia, Antxeta irratia,
Manifestua sinatu duten kazetariak:
Amaia Lekunberri (ARGIA), Axier Lopez (ARGIA), Lander Arbelaitz (ARGIA), Jon Torner (ARGIA), Xabier Letona (ARGIA), Eneritz Arzallus (ARGIA), Jenofa Berhokoirigoin (ARGIA), Zigor Oleaga (ARGIA), Estitxu Eizagirre (ARGIA), Mikel Garcia (ARGIA), Pello Zubiria (ARGIA), Urko Apaolaza (ARGIA), Peru Iparragirre (ARGIA), Félix Thommen (Mediabask), Patrick Graciet (Mediabask), Ludivine Charniguet (Mediabask), Mikel Irastorza (Mediabask), Anaiz Aguirre (Mediabask), Willy Roux (Mediabask), Irati Esparza-Guimon (Mediabask), Claire Jomier (Mediabask), Goizeder Taberna (Mediabask), Anakoz Amenabar (Arabako Alea), Aritz Martinez de Luna (Arabako Alea), Erlantz Anda (Arabako Alea), Estitxu Ugarte (Arabako Alea), Mikel Buruaga (Arabako Alea), Oihana Larzabal (Radio France), Bixente Vrignon (Radio France) eta Iban Etxezaharreta (Radio France), Arantxa Idieder (Euskal Irratiak), Kriztof Arotzarena (Euskal Irratiak), Ihintza Arrieta (Euskal Irratiak), Karlos Zurutuza (freelance), Menane Oxandabaratz (Herria astekaria), Ane Zabala (BilboHiria irratia), Juan Kruz Lakasta (Euskalerria Irratia), Zubero (Euskalerria Irratia), Haritz Pascual Garjon (Euskalerria Irratia), Reyes Ilintxeta Jimenez (Euskalerria Irratia), Pello Argiñarena Urriza (Euskalerria Irratia), Iosu Ganuza García (Euskalerria Irratia), Lohizune Amatria Zabalz (Euskalerria Irratia).