argia.eus
INPRIMATU
Gelditu egin dute Iruñeko Txantrea auzoko etxegabetzea, auzokideak mobilizatu ostean
  • Goizeko lehen orduetatik hainbat herritar batu dira Txantrea auzoko Arguedas kalean, etxegabetze arriskuan zen bikote bati babesa emateko asmoz. Hainbat ordezkari politikok ere bat egin dute deialdiarekin. Joxe Abaurrea Iruñeko zinegotziak iragarri du kaleratzea gelditzea lortu dutela. 

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2016ko urtarrilaren 26a
Herritarrak kaleratze arriskuan den bikotearen etxebizitzaren aurrean bildu dira. (Arg: Ahotsa)

BBVAk Iruñeko Txantrea auzoko bikote bat etxegabetu nahi du. Hauek eta Hipotekek Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak kaleratzea eteten saiatzeko deia egin dute. Dozenaka auzokide bildu dira bikotearen etxebizitzaren aurrean goizeko 8:00etatik. 

Etxegabetzea 9:00etan zen egitekoa, baina 9:30ean iragarri dute akordiora iritsi direla, eta bankuak uko egin diola bere hasierako asmoari. 

Angel Luis Fortun abokatuak azaldu du etxegabetzea momentuz bertan behera gelditu dela, baina ez dakiela hemendik aurrera zer gertatuko den. Orain bankuarekin zorra birnegoziatu beharko lukete, baina Fortunek adierazi du orain arte BBVAk entzungor egin diela negoziaketa eskaerei. 

Herritarrez gain, kaltetutakoei babesteko hainbat ordezkari politiko ere batu dira etxearen atarian. Horien artean daude, besteak beste, Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Nafarroako Parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez. Podemos-Ahal Duguko parlamentari Tere Saez, Iruñeko EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurrea eta Izquierda-Ezkerrako Edurne Egino ere gerturatu dira. 

Gaia puri-purian izan da sare sozialetan. #PatxiEtaIdoiaEzDoaz traoladun txioak etengabeak izan dira: