argia.eus
INPRIMATU
Dozenaka auzo elkartek eskatu dute alarma egoerak iraun bitartean pisu turistikoak ixteko Espainiako Estatuan
  • Koronabirusaren krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako azken neurriek lehentasunezko jarduera izendatu dituzte zenbait ostatu, gaitzak kutsatutakoak bertan hartzeko testuinguruan. Pisu turistikoetara eramatea bizilagunentzat arriskutsua dela eta erabat ixteko eskatu diote asteartean Hego Euskal Herriko eta estatu osoko 36 auzo elkartek, osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri gisa.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 31
Pisu turistikoen aurkako mugimendua pixkana zabalduz doa batean eta bestean.

Pedro Sanchez presidenteak martxoaren 19an dekretu bidez iragarri zuen etxebizitza turistiko eta hotelen itxiera, baina handik lau egunera, martxoaren 23an, Garraio eta Mugikortasun Ministerioak zenbait ostatu turistiko oinarrizko zerbitzu gisa izendatu zituen, batez ere, gaixoak hartzeko leku gisa.

Bigarren neurri horrek auzo elkarte ugariren haserrea eragin du, salatuz etxebizitza turistikoetan hartu nahi baditu gobernuak koronabirusak gaixotutako pertsonak, etxe hauek sarrera eta hainbat espazio komun partekatzen dituztela gainerako bizilagunekin. Aparteko sarbidea duten eta milaka ohe libre dituzten hotelak eta pentsioak erabiltzeko eskatu dute.

Lau eskaera zehatz egin dizkiote Espainiako Osasun Ministerioari, jarraian bildu ditugu:

Batetik, funtsezko zerbitzu gisa kentzea turismo ostatuko edozein modalitate –turismo etxea, ostatua edo pentsioa–, baldin eta bertan bizi direnen eta ostatu turistikoen erabiltzaileen artean elementu komunak badaude.

Bigarrenik, ministeritza-agindu bidez espresuki adieraztea ostatu-zerbitzua, alarma-egoerak iraun bitartean, egoiliarrek eta erabiltzaileek elementu komunak ez dituzten ostatuetan eman behar dela.

Hirugarrenik, espresuki adieraztea bidezkoa dela turismoko ostatuak ixtea, haien izena edozein dela ere, egoiliarren eta erabiltzaileen artean elementu komunak badituzte.

Eta laugarrenik, astearte goizeko datuen arabera, ofizialki 7.340 pertsona hil direla Espainiako Estatuan, COVID-19 gaixotasuna dela eta. Gaixotasun hori oso kutsakorra da, eta, gizakien bizia dagoenean, erakundeei dagokiela herritarren osasuna zaintzea.

Eskaera horiek egin dituzten elkarteen artean daude Euskal Herriko ondorengoak: Bilboko Alde Zaharreko Bihotzean auzo elkartea, Bilboko Foro Zibikoa, Iruñeko Alde Zaharrean Bizi elkartea, Donostiako Parte Zaharreko, Egiako, Uliako eta Herrera-Altzako auzo elkarteak eta Bizilagunekin plataforma. Horiekin batera Estatu osoan ordezkaritza duen Estatuko Auzo Elkarteen Konfederazioa, Zarataren Aurkako Elkarteen Federazio Nazionala, eta gero, Madril, Andaluzia, Valentzia, Cadiz, Kordoba, Granada eta Jaengo eragileak. Orotara 36, Bizilagunekin plataformaren oharrean zerrendatuta ikus daitezkeenez.