argia.eus
INPRIMATU
Downing Streeten pandemia garaian festak egiteagatik isuna jaso du Boris Johnsonek
  • Azkenean isuna iritsi zaio Boris Johnson lehen ministro britainiari, pandemia garaian egindako festekin COVID-19ko arauak urratzeagatik. Bere emazte Carrie eta Rishi Sunak Altxorraren idazkaria ere zigortutako 50 pertsonen artean daude.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 12a
Pippa Fowles / No 10 Downing Street. CC

COVID garaiko arauak urratzeagatiko isunak 60 eta 120 euro artekoak izan ohi dira. Boris Johnsonen kasuan, ordea, funtsezko arazoa ez da isuna, parlamentuari gezurra esan ote zion baizik, Komunen Ganberan argi eta garbi adierazi zuenean arauak ez zituela urratu. Horren ondorioz, oposizio laboristaren buruak, Keir Starmerrek, Johnsonen dimisioa eskatu zuen, "legea behin eta berriz urratzeagatik eta britainiarrei gezurra esateagatik".

Partygate-ren ikerketa Sue Gray goi funtzionarioaren txostenaren ondoren egin zen. Txosten horrek konfinamendu arauen urraketa nabarmenak antzeman zituen, eta Downing Streeteko "lidergo akats" bati egotzi zion egoeraren errua. Scotland Yardek gutxienez hamabi festa eta ospakizun ikertu zituen lehen ministroaren etxean, haren urtebetetzekoa barne.

Ez dira garai samurrak lehen ministroarentzat eta estu dabil. Duela bi egun bere ministro Rishi Sunaken emazte den Akshata Murty-k zergetan 24 milioi euro ordaintzea saihestu izanaren albistea zabaldu zelako. Gero eta gehiago dira Johnsonen dimisioa eskatzen dutenak, besteak beste Londreseko alkate laborista Sadiq Khan, Nicola Sturgeon mandatari eskoziarra edo bere alderdiko kide ugari.