argia.eus
INPRIMATU
Donostiarrak ez direla inoren figurante aldarrikatu dute Woody Allenen etorrera dela eta
  • Woody Allenen film grabaketaren eta turistifikazioaren aurka protesta zaratatsua egin dute dozenaka pertsonek Kontxa hondartzaren inguruan.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 24a
Protestaren irudia. Argazkia: Donostiako Bilgune Feminista.

Astelehenerako zuten deitua kontzentrazioa, baina asteartean arratsaldeko 18:00tan egin dute azkenean protesta, Woody Allen eta bere taldeak jada grabaketa-lanak amaituta. Ernai Donostia, Groseko Asanblada Feminista, Donostiako Bilgune Feminista, Medeak, Hotel + EZ eta Garaipen eragileak gehitu dira protestara.

Protesta zaratatsua egin dute eta hainbat aldarri eraman dute, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez: Derecho a la ciudad, bertan bizi gara eta overtourism kills the city, adibidez. Turismoak hirian duen eragina eta autodefentsa feminista izan dira protestaren muina; izan ere, Woody Allen zuzendariaren kontra salaketa jarri zuen bere alabatzakoak, sexu abusuak direla eta.

Antolatzaileek uztailaren 19an publikatu zuten irakurketaren arabera, film horren grabazioa hiria nazioartean saltzeko dago egina: “Hiriaren nazioarteko promozioa sustatzeko egitasmo honek epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea eragingo du”. Horrez gain, honen atzean etekin ekonomiko handiak ateratzen dituzten pertsonak daudela gehitu dute.