argia.eus
INPRIMATU
Pistola faltsu batekin Donostian atxilotu duten pertsona migratzaile talde bat ari zen mehatxatzen
  • “Haiengana zuzendu eta haiei apuntatzen die”, informatu du Irutxuloko Hitzak. Astearte gaueko 21:30etan atxilotu zuten gizona, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 01
Argazkia: Irutxuloko Hitza

Gizon gazte bat atxilotu du Ertzaintzak asteartean Donostian, Alderdi Ederreko lorategietan, herritarrak gezurrezko pistola batekin mehatxatzeagatik. Gertakaria gaueko 21:30ean izan zela informatu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, eta gizonak 28 urte ditu, Noticias de Gipuzkoak jaso duenez.

Hainbat hedabidek eman dute gertakariaren berri, atxilotuak “ibiltariak mehatxatu” zituela esanda, baina Irutxuloko Hitzak zehaztu du gizona Alderdi Ederren zegoen herritar " talde magrebtar" bat zuela "jomugan" espresuki. “Haiengana zuzendu eta haiei soilik apuntatu die”, informatu du hedabideak, haiek jasotako irudietan horrela ikusten dela ziurtatuta.

Albistearen egile Xalba Ramirez kazetariak Donostian gertatzen ari den mezu xenofoboen hazkundearekin lotu du gertatutakoa: "Donostian segurtasunaren aitzakian mezu xenofoboak zabaltzen dituzten sare sozialetako hainbat kontuk eman dute 'beste bertsio' honen berri. Honakoa jaso dute: 'Dirudienez, talde baten mehatxuak jaso zituen pertsona horrek. Eta haiek beldurtzeko itzuli zen, beste asko bezala nazkatuta dagoelako. Talde horrengana zuzendu zen soilik, eta ez zen izan zerbait orokortua eta testuingururik gabea ‘oinezko’ guztien kontra'".