argia.eus
INPRIMATU
Donostian orain dugu aukera

Mikel Agirre Maskariano 2020ko ekainaren 01a

COVID-19aren soka luzeak ispiluaren aurrean jarri du gure gizartea, ezarritako garapen ereduaren oinarriak errotik astinduz. Osasun larrialdiari, krisialdi sozioekonomiko sakona batzen zaio. Honen aurrean, berehalakoa eta unibokoa izan da agintea dutenen erreakzioa: krisiaren aurreko egoerara itzultzeko ahaleginak biderkatu eta horretarako baliabideak jartzea. Gure irudiko, ordea, gizarteak bizi duen astinaldia eta turismo jarduerak izan duen geldialdiak, Donostiaren eta donostiarron bizimoduan berebiziko eragina duten hainbat kontu birplanteatu eta aldatzeko sekulako aukera eskaintzen digu.

"Orain dugu aukera hiri espazioaren pribatizazioari aurre egin eta kale eta plazetan herritarren eguneroko bizitza komunitarioari lehentasuna emateko"

Orain dugu aukera hiri espazioaren pribatizazioari aurre egin eta kale eta plazetan herritarren eguneroko bizitza komunitarioari lehentasuna emateko. Hiri-espazioa kontsumoan oinarritutako harremanetara bideratzeko joeraren ordez, espazio amankomunak jendearen eguneroko interakzio arruntak (ez-merkantilistak) ahalbidetzeko erabili daitezela eskatzen dugu.

Orain dugu aukera arrisku sanitario, ekonomiko eta sozialen aurrean ahul egiten gaituen indibidualismoaren ordez, auzo-bizitza eta gertuko harreman sareak erdigunean jartzeko. Bizilagunen arteko elkarlaguntzaren garrantzia eta eraginkortasuna da indartu beharreko bidea, gertutasuneko elkar-zaintza eta elkar-truke sozialei bide eginez eta tokian-tokiko eragile sozialen ekinbidea erraztuz.

Orain dugu aukera turismo jarduera espekulatzailean oinarritutako ekonomiaren ordez, eredu orekatu baten alde beste sektoreetako jarduerak sustatzeko. Kanpo indar eta kanpo-baldintzekiko mendekotasunak hiriko ekonomiaren zaurgarritasuna indartu du. Tokikotasunean oinarritutako jarduera ekonomiko jasangarri eta askotarikoak sustatzeko hautua egitea beharrezkoa da, zaintza jarduerak lehenetsiz, gizarte berrikuntza sustatuz eta herri-merkataritza suspertuz.

Orain dugu aukera krisi garaian langileak ziurgabetasunean uzten dituen turismo sektoreko lanpostu prekarioak baztertu eta lan-baldintza duinak eskuratzeko. Argi dago, lan-baldintza prekarioenak jasaten dituzten langileengan erori dela lehendabiziko kolpea. Lanpostu horien ezaugarriak berrikusi eta berrantolatzeko garaia da, lan-baldintzen duintasuna lehen lerrora ekarriz.

Orain dugu aukera baliabide publikoak hiri-marka eta turismoaren sustapenean xahutu ordez, herritarren oinarrizko behar sozioekonomikoetara birbideratzeko. Baliabide publikoak lehentasunez, ezin dira bideratu esku gutxitan banatzen den turismo jardueraren negozioa elikatzera. Horregatik, herritarren larritasun sozioekonomikoak arintzera zuzentzeko eskakizuna egiten dugu.

Orain dugu aukera bisitariak erakartzera zuzendutako ekitaldi masiboak bertako herritarren ikuspuntutik birpentsatu eta, interes komertzialak alboratuz, hauen gaineko kontrol publikoa berreskuratzeko. Hainbat ekitaldi kultural arrakastatsu, merkantilizatu egin dira eta babesle pribatuen esku utzi dute hiriko kultur eskaintza, hiri-espazioaren erabilera eta beste pribilejio batzuk. Tokiko kulturarentzat lehentasuna eta irisgarritasun unibertsala aldarrikatzen ditugu, ekitaldien gaineko kontrol publikoa berreskuratu eta bertako sortzaileen alde eginez.

"Orain dugu aukera etxebizitzak pisu turistiko bezala erabiltzeari muga jarri eta bizileku bezala alokatzera bultzatzeko"

Orain dugu aukera etxebizitzak pisu turistiko bezala erabiltzeari muga jarri eta bizileku bezala alokatzera bultzatzeko. Iraganeko akatsetatik ikasi eta bizi dugun presio turistikoaren beherakada hau baliatzeko beharra daukagu. Krisialdiak kalteturikoen alokairua ordaintzeko laguntza zuzenak harik eta gehiago indartzea; alokairu sozialera zuzendutako udal etxebizitzen parkea handitzea; eta etxebizitzen alokairuari gehienezko salneurriak ezartzea.

Orain dugu aukera hotel berriak irekitzeko baimenak emateari utzi eta hiriko hotel eskaintzaren hazkundea gelditzeko. Errealitateak eman den hotel kopuruaren hazkundea neurrigabea eta desorekatua izan dela erakutsi du. Hotelen hedapen eta irekiera baimen berriak emateari uko egiteaz gain, funtzionamendu araudiak zorrozteko garaia da.

Orain dugu aukera makro-azpiegituretan eta autoan oinarritutako ereduaren ordez, oinezkoei eta bizikletei espazioa emango dien mugikortasun eredu jasangarria indarrean jartzeko. Bizi dugun etenaldiak, oinarrizko mugikortasun beharrizanak bestelakoak direla agerrarazi du. Argi geratu da oinezko eta bizikletentzako espazioen hedadura eskasa dela eta gaur gaurkoz, auzoen arteko jarraikortasuna eta iragazkortasuna ez direla bermatzen.

"Itoaldira garamatzan hiri eredua bere osotasunean berrikusiz, desazkunde turistikorantz urratsak emateko garaia dugu eta orain dugu aukera ezin hobea"

Orain dugu aukera Santa Klara uhartea eta balio ekologikoa duten hiriko beste guneak turistifikatu ordez, naturaren kontserbazioa bermatzen duten babes-neurriak hartzeko. Babes osoa bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea exijitzen dugu: gune naturalen inbentarioa; erabilera arautegi integralak; narriatutako espazioen lehengoratzea; eta ingurumenarekiko kontzientziazio jarduerak.

Orain dugu aukera erabakiak alde bakarrez, gardentasunik gabe eta interes pribatuen eraginpean hartu ordez, turismo-ereduaren gaineko parte hartzea, eztabaida eta donostiarrek erabakitzeko aukera bermatzeko. Turismo jarduerak hirian dituen ondorio sozial, ekonomiko eta ekologikoen gaineko behatoki independentea eratzea beharrezkotzat jotzen dugu. Gainera herritarrek eta hiriko gizarte antolatuak beren buruari eragiten dioten erabakietan parte hartze zuzena izateko sistemak eratu behar dira.

Mahai gainean jarritako errezetek lehengo “normaltasuna” berrezartzea bilatzen duten heinean, argi dago krisialdi honek ezer gutxi aldarazi duela batzuen ikuspegia eta jardunbidea. Bizilagunekin plataformatik, ordea, uste dugu herritarrok itoaldira garamatzan hiri eredua bere osotasunean berrikusiz, desazkunde turistikorantz urratsak emateko garaia dugula eta orain dugula aukera ezin hobea.

 

*Mikel Agirre, turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren BiziLagunEkin plataformako kidea