argia.eus
INPRIMATU
Etxebizitza alokatzea ezinezkoa izanik, Donostian 546 euro ordaintzen du gazte askok logela batengatik
  • Espainiako Estatuan, soilik Bartzelonan da garestiagoa logela bat alokatzea. Kataluniako hiriburuan hilean 623,14 euro ordaindu behar dira jende gehiago bizi den etxebizitzako logela bat alokatzeko. Eta kopurua gora egiten ari da, Pisocompartido.com atariaren datuetatik abiatuta Pisos.com-ek plazaratutako txostenaren arabera.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 17a
Bereziki gazteek egiten dute logela alokatzeko hautua, hainbat faktorek behartuta / Flickr - KaDeGe 59

Geroz eta gazte gehiagok erabakitzen du logela bat alokatzea, prezioen etengabeko igoerak eta soldata baxuek ezinezkoa bihurtzen baitute etxebizitza osoa alokatzea. Eskaria eskaintza baino handiagoa da, gainera, eta horrek are gehiago garestitzen ditu alokairuak. Espainiako Estatuan, logela bat alokatzea duela hamarkada bat baino %55 garestiago da, Diario Vasco egunkariak nabarmendu duen bezala. Batez beste 423 euro ordaindu behar dira, Donostian baino 123 euro gutxiago. Pisos.com-ek osatutako zerrendan zortzigarren lekuan agertzen da Bilbo; Gasteiz eta Iruñea, aldiz, ez daude hamar garestienen artean. Ezta merkeenen artean ere. Zerrenda Avilak ixten du (249,50 euro hilean).

Pisos.com atariko ordezkari Ferrán Font-en hitzetan logelak alokatzea da emantzipatzera bidean gazteek ematen dute lehen pausoa, eta diruz larrien dabiltzanentzako azken aukera. "Alternatiba horrek eskuragarria izateari uzten badio, ondorioak oso kaltegarriak izan litezke gizartearentzat. Gainera, nahiz eta ehunekoak oraindik ez diren bereziki deigarriak, ikusten ari gara urtez urte gutxitzen ari direla etxebizitza partekatuetako altzariak eta oinarrizko ekipamendua, hala nola garbigailua, berotze sistemak eta aire egokitua".

Adin-tarteari dagokionez, 18 eta 25 urte arteko gazteak dira logela gehien alokatzen dutenak (%50,79), 26-35 artekoen aurretik (%29,38).