Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) salatu du Donostiako Udalak Urgulleko Guardetxea “blindatu” duela. Sareetan argitaratu dituzten irudietan ikus daiteke gunearen sarrerak zein eraikinaren leihoetan eta ateetan metalezko plaka batzuk jarri dituztela, sarrera zailtzen dutenak. “Argi dago Donostiako Udalak nahiago duela eraikina hutsik mantentzea auzotarrok auzolanean konpondu eta proiektu autogestionatu bat eraikitzea baino”, salatu du AZGA-k.
Gogoratu behar da gazte asanbladak Guardetxea okupatu zuela abenduan, bertan Parte Zaharreko gaztetxea irekitzeko asmoz. Ordea, Udaltzaingoak gunea itxi zuen handik gutxira, eta gerora asanbladakoak berriz sartu eta auzolana burutu bazuten ere, gunea berriz ere hustu egin zuen Udaltzaingoak. Horrela, pasa den asteburuan manifestazioa egin zuten Parte Zaharretik, auzoak gaztetxe bat behar duela aldarrikatzeko.
Guardetxea hutsik dago 2019tik, hamar urtez Bandabat elkarteak kudeatu eta askotariko kultur jarduerak antolatu ostean. Eraikina konpondu beharra dago, baina urteotan, udalak ez du konpondu. Urtarrileko udalbatzarrean, Ane Oiarbide Berdintasuneko, Elkartasuneko, Eskubide Zibiletako zinegotziak azaldu zuen oraindik birgaitze proiektua eskatu behar dela eta Aldundiak baimendu egin behar duela, eta 50.000 euro aurreikusi dituztela aurten proiektua abiatzeko. Halaber, esan zuen gunearen kudeaketa lehiaketa publikora ateratzen dutenean ez dutela auzoko eragileentzat erreserbatuko, EH Bilduk eskatu zuen moduan.