Donostiako Moraza kalean bizileku gisa okupatuta zeukaten eraikina hustu du Ertzaintza asteazken goizean. 45 gazte migrante zeuden bertan bizitzen. Denak kaleratu dituzte eta hainbat lagun zaurituta daude Ertzaintzak eraikinaren barnean emandako kolpeen ondorioz. Hiru atxilotu dituzte, Irutxuloko Hitzak informatu duenez. Ondoren, berriro sartzen utzi diete gainontzeko guztiei.
10:30 inguruan joan da polizia Donostiako erdigunean dagoen Moraza kalera. Bizilagunen kexa baten harira joan dira, Irutxuloko Hitzari esan diotenez. Udaltzainek kalea moztu dute eta Ertzaintza eraikinean sartu da. Inongo momentutan ez dute desalojo agindurik erakutsi, eraikinaren barnekoei laguntzera joan direnek salatu dutenez.
El Diario Vascok informatu duenez, iskanbila izan da barruan. Hainbat lagun borra-kolpeka zauritu dituzte, eta sei ertzain ere zauritu dira operazioan. Ertzainen azalpenak jaso ditu egunkari horrek: "Bi pertsona gure gainera etorri dira eta ertzainei eraso egingo zietela mehatxu egin digute". 17 eta 20 urteko bi pertsona horiek atxilotu egin dituzte, autoritatearen aurkako atentatua egotzita.
ARGIAk barruan bizi den tentsioaren erakusle den bideo bat jaso du.
Bertan izan da Irutxuloko Hitzako kazetari Iñaki Agirre. Informatu duenez, hainbat pertsona zauritu dituzte eraikinaren barnean borra kolpeka. Hiru atxilotuta eraman dituztela dio.
Hainbat zauritu daude borra kolpeen ondorioz. Poliziak gazte guztiak kanporatu ditu eta ez die etxebizitzara bueltatzen uzten. Ertzainen arabera, bizilagunen kexa batzuengatik etorri dira Hiru gazte eraman dituzte atxilotuta @irutxulo pic.twitter.com/Qnl3c2o1M1
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) 2019(e)ko ekainaren 5(a)