argia.eus
INPRIMATU
Donostian emakume bat erreskatatu dute itsasoan bost ordu baino gehiago egon ondoren
  • Monpaseko arroketatik atera zuten emakumea bost ordu eta erdi itsasoan flotatzen egon ondoren. Bere aitak adierazpen bat luzatu du eta salbamendu baliabide gutxi dagoela salatu du.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko abuztuaren 09a
Zurriola hondartza. Argazkia: Juanedc, Flickr.

Emakumea igandeko ordu txikitan erreskatatu zuten Donostian, Saguesetik gertu. Zurriola hondartzara jeitsi zen bainu bat hartzera arratsaldeko 19:00tan eta ur-lasterrak itsasoan barrena eraman zuen emakumea. Urduri jarri ordez, buruz gora jarri zen eta flotatzen egon zen, bost ordu eta erdi beranduago erreskatatua izan zen arte. Itsasoaren tenperatura 20ºC inguruan dabilenez udan, hipotermia arina besterik ez du gazteak.

Emakumearen aitak adierazpena luzatu zien hainbat hedabideri, eta bertan adierazi igandeko 00:40tan erreskatatu zuela gaztea Salvamento Maritimo-k egoera onean. Aitak adierazi duenez egoerak ez zuen itsura onik. Gaztea arratsaldeko 19:00tan jeitsi zen Zurriola hondartzara bainatzera. 22:00ak baino lehentxeago haren lagun batek deitu zuen aita, emakumea ordu luze batez hondartzan bilatzen egon eta haren gauzak hondarrean topatu ondoren.

Honakoak bertaratu ziren erreskatera: Ertzaintza, suhiltzaileak, Gurutze Gorria, babes zibila, Udaltzaingoa, Guardia Zibilaren itsas-zerbitzua eta Salvamento Maritimoren Helimer helikopteroa.

Emakumea, bainatzen ari zela, ur-korronteak itsasoan barrena eraman zuen. Igeri eginaz energia gastatu ordez, flotatzea erabaki zuen, olatu asko zegoela-eta. Bost ordu eta erdi horrela egon ondoren, 00:30ak aldera, aurkitu zuen helikopteroak emakumea, Monpas bide inguruan. Aitak salatu du helikoptero bakarra dagoela halako erreskateetarako kantabriar kosta osoan.