argia.eus
INPRIMATU
Donostibusek helegitea jarriko du lan eskaintzan euskaraz jakitea beharrezkoa izan dadin
  • “Donostiako populazioaren %20,5ak du euskara ama hizkuntza, %7,5ak euskara eta gaztelania eta %69,3ak gaztelania”. Datu horiek eta Gipuzkoako hiriburuko euskararen kale erabilera neurketak baliatuz, epaile batek justifikatu du Donostiako autobus publikoetako gidariek ez dutela euskara jakin behar euren lana egiteko.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko ekainaren 04a
Epaiaren arabera gidariek ez dute garraioen erabiltzaileekin hitzezko harreman nahikorik euskara baldintza gisa eskatzeko.

Autobus gidari izateko plaza publikoak atera zituen aurten Donostiako garraioa kudeatzen duen DBus enpresa publikoak. Lan poltsa berriak osatzeko, EAEko bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ezagutzea beharrezkotzat jo zuten.

Horren berri izatean, UGT sindikatuak epaitegietara jo zuen, neurriak langile batzuk “diskriminatzen” zituela argudiatuta. Donostiako Gizarte Arloko 2. Epaitegiak arrazoia eman dio, esanez autobus gidarien lanean “garrantzi gutxi” daukala zerbitzuaren erabiltzaileei arreta emateak.

Epaia gidari elebakarren alde

Epaiaren arabera “erabiltzaileei zalantza posibleen edo kexen aurrean arreta eskaintzea” salbu, gidariek bidaiariekin hitz egiten duten une bakarra billetea eta kanbioko diruak ematean gertatzen da.

Eta euskararen kale erabilera hirian %18,2koa dela argudiatzen du, gidariak erdaldun elebakarrak izan daitezkeela justifikatzeko. “Euskara ezagutzea ez da beharrezkoa gidari lana egiteko, bere funtzioa ez delako publikoari eta bezeroei arreta eskaintzea”, irakur daiteke maiatzaren 26ko data daukan sententzian.

Donostibusek helegitea jarriko du

Donostibuseko kontseilua asteazkenean bildu da epaiaren aurrean errekurtsoa jarri ala ez eztabaidatzeko. Bilduk, EAJk eta Kurpil sindikatuak helegitearen alde bozkatu dute, PSE-EEk, PPk eta UGTk kontra. Bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera, seina botoko berdinketa gertatu da eta Juan Karlos Izagirreren kalitatezko botoarekin egin du aurrera errekurritzeko proposamena.