Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune Feminista, Egia Bizirik, Martutene Bizirik eta Donostiako Piratek. “Rol aktiboa bete beharko dugu eta kaleko antolakuntzan sakondu, bai faxismoari ateak ixteko, bai pobreziari aurre egiteko”, adierazi dute.
Donostian diskurtso arrazistak eta jarrera xenofoboak zabaltzen ari direla eta, kezkatuta daude zenbait sektore sozial eta politiko. Horren erakusle izan da asteazken goizean Donostiako udaletxearen aurrean emandako prentsaurreko jendetsua. ARGIAk zenbatu duenez, 380 lagunetik gora bertaratu dira irakurketari babesa adieraztera. Adierazgarria da, atxikimenduen zerrendan –albistearen amaieran osorik– arrazakeriaren aurka bat eginik ikustea beren artean hain ongi moldatzen ez diren eragileak. Ideia nagusia izan da, bazterketa egoeran dauden herritarren aurkako biolentzia “inoiz baino gordinagoa eta sistematikoagoa” izaten ari dela Donostian, kolektibo horren aurkako kriminalizazioa orokortzen ari dela eta aurre egin behar zaiela diskurtso eta jarrera horiei.
Azken hilabeteetan Donostian ondorengoak gertatu direla salatu dute: Martuteneko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu, migratzaileak jipoitu eta hainbat heriotza mehatxu agertu izana; segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek “modu arbitrario bezain sistematikoan” migratzaileak jipoitu, identifikatu eta lapurtzen dituztela; zenbait komertziotan migratzaileei sartzeko betoak orokortzen ari direla; margoketa faxistak –baita esbastika ugari ere– ikusten direla Donostiako hainbat auzotan; eta azkenik, Telegram eta Instagram kontuak sortu izana pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratu eta biolentziarako deiak eginez.
Azken kontu horren harira, tentsio puntua bazen asteazken goizean Alderdi Ederren, "Donostian arrazakeriari eta faxismoari ez!" lelopean deitutako prentsaurrekora bertaratutakoen artean. Izan ere, eskuin muturraren zenbait Telegram eta Instagram kontutan kontra-kontzentraziorako deia egin zuten eta Ertzaintzaren presentzia ere nabarmena izan da. Azkenean, ez da faxistarik azaldu prentsaurrekoari aurre egitera.
Diskurtso batzuk arazo guztien errua, bereziki "intseguritatearena", migrante eta pertsona arrazializatuei leporatzen dietela salatu dute prentsaurrekoan. "Diskurtso faxistak, mezu xenofobo eta arrazistekin, etorkinak etsai gisa seinalatzen ditu", adierazi dute eta zenbait adibide eman dituzte: "Delituak egitera datoz, haien herrialdera itzul daitezela, atxilotu eta berehala askatzen dituzte, diru laguntzen bila datoz", batzuk aipatzearren. Diskurtso horiek jo-puntuan nagusiki Afrika iparraldetik etorritako jendea dutela salatu dute eta erabateko bazterketa egoeran daudela asko, atzerritartasun legea eta islamofobia direla medio. “Baina diskurtso hauek justuki egungo arazoen erroa tapatzeko balio dute: kolonialismoak eta kapitalismoak sortzen duten miseriazko egoera”.
Beren hitzetan, pobrezia orokortuari aurre egin eta erantzuleak nor diren adierazi beharrean, herritarrak “azpian” daudenen aurka jartzea bilatzen da eta argi eta garbi adierazi dute El Diario Vasco egunkariak bere irakurleen artean xenofobiaren areagotzean duen ardura.
"Bizi dugun gatazka sozialari eusteko instituzioek dituzten mugak garbiak direla uste dugu, eta hein handi batean, horrek proposamen politiko atzerakoiei ateak irekitzen dizkiela". Hala ere, Donostian etxerik gabekoentzako La Sirena aterpetxea turismora bideratu izana, 300 pertsona baino gehiagoren otorduak herri ekimenaren bidez bermatu behar izatea edo Poliziak erabiltzen dituen indarkeria fisiko eta psikologikoa "garbiketa politika" baten ondorio direla ikusten eta salatzen dute.
Horrez gain, neurri hauen alde eskuin muturreko alderdiak mobilizazioak egiten hasi izana oso kezkagarri ikusten dituzte.
Gauzak horrela, ezinbesteko jo dute mugimendu zein diskurtso faxistei "arnasgune bat bera ere ez uztea". Beharrezkotzat jo dute pobreziari aurre egitea eta bazterkeria betikotzen duen Atzerritartasun Legea, zein hiriko "garbiketa politika" oro amaitzea. Kale mailako antolakuntzan sakontzera dei egin diete herritarrei, "kultura antierrepresibo, antiarrazista eta antifaxista indartzeko".
Ondorengo eragileek sinatu dute irakurketa: Ernai, Intziri, Bilgune Feminista, Donostiako Piratak, Donostialdeko Ehgam, Bizilagunekin plataforma, Saretxe, Kaxilda, Piztu, Erratiko Camino, Amara Berriko Ilunki elkartea, Infermua Bizirik, Donostiako Transmaribollo asanblada, Donostia Palestina, Egia Bizirik, Sare antifaxista, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Itaia, GKS, Ikasle Abertzaleak, Txantxarreka gaztetxea, Txago, Kaleko afari solidarioak, Hiritarron Harrera sarea, Basajaun elkartea, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Martuteneko Sarroeta Auzo elkartea, Martutene Bizirik, Birunda, Ongietorri errefuxiatuak, Komite Internazionalistak, ESK sindikatua, Letaman gaztetxea, Donostiako Askapena eta Aske.