argia.eus
INPRIMATU
Donostian 2018ko udazkenean egingo dute galdeketa estatus politikoaz
  • Ostegunean aurkeztu dute herri galdeketa antolatuko duen taldea, Donostiako udaletxean. Donostia Galdeketa izeneko talde sustatzaileak, sinadura bilketa du hurrengo erronka.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 24a

Gasteizek herri galdeketarik egingo ez duela jakinarazi duen aste berean, Donostian, kontsulta antolatzeko talde sustatzailea aurkeztu dute. Sektore ugaritako herritarrek lagunduta aurkeztu dute ekimena Paulo Arruartek, Maria Luisa Sanchezek, Itziar Salegik eta Jose Luis Segurolak Donostiako udaletxean.

Ekainetik mahai gainean zuten herri galdeketa egiteko asmoa, orain, hori aurrera eramateko talde sustatzailea osatu dute. Donostia Galdeketako kideek jakinarazi dute, eragile eta norbanako ugariren babesa jaso dutela prozesua abiatzeko. ELA, LAB, ESK, Steilas, EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu eta AEKrena besteak beste.

Hurrengo erronka sinadura bilketa egitea dute Donostia Galdeketako kideek. Prozesua garatu ahal izateko herritarren babesa izan nahi dute eta horretarako 8.000 bat sinadura bildu nahi dituzte abendutik apirilera bitarte, donostiarren %5a.

Behar adina sinadura jasotzen badute hurrengo faseari ekingo diote, galdera adosteari. Prozesua 2018ko udazkenean amaitu nahiko lukete antolatzaileek, galdeketa urrian edo azaroan egitea dute buruan.