Donostiako erdialdean, Zubieta kalean dago lau izarreko hotela eta honekin batera Hegalak izeneko gimnasioa eta beste eraikin bat ere desalojatu dituzte, Sos Deiak jakinarazi duenez “ur jario baten” ondorioz. Metro polemikoaren obrak egiten ari dira hor azpian. Hasieran Nekane Arzallus zinegotziak ukatu egin du metroaren obrekin zerikusirik zuenik gertatuak.
Ur jarioak luizi bat sortu du eraikinaren sotoan eta bizilagunek, entzundako zarataren ondoren, suhiltzaileei deitu diete. Goizeko lehen orduetan atera dituzte bizilagunak euren etxeetatik.
Hotelaren ondoan Donostiako metroaren obrak egiten ari dira eta teknikariak aztertzen ari dira ea luiziak obrekin zerikusirik duen, Satorralaiak metroaren aurkako ekimenak adierazi duen bezala. Arratsaldeko lehen orduetatik aurrera Zubieta kalea itxi dute eta Kontxako Pasealekuaren zati bat ere bai.
ARGIAk jakin du langileen bidez, baietz, metroaren obretan gertatutako istripu bat izan dela. “Ireki den boketearen ondorioz, tunelean ura, hondarra eta eskonbro asko sartu da, egonkortasun falta handia da".
Aste honetan metroko bi langilek borondatezko baja aurkeztu dute. Ez dute bertan lanean jarraitu nahi. "Segurtasunagatik, ni banoa hemendik", esanez ospa egin dute.
Asteazkenean ur jauzia gertatu zen Donostiako metroaren lanetan, tunelaren zulaketa-lanetan ari zirenean. Obretako langileen arabera, Perla zentroaren inguruan aurreikusi ez zuten akats geologiko batekin egin dute topo eta ura belaunetik gora iritsi zaie. Gertakaria dela eta, baliteke tunelaren norabidea aldatu behar izatea.
ERNE!!! Donostiako metroko obretan urarekin topo egin dute!!! pic.twitter.com/lAew9f7Ds6
— Topometro (@topometro) June 3, 2020
Ez da proiektu honek izan duen lehen arazo larria. Iazko azaroan, adibidez, eraikuntza-lanak egiten ari ziren mendian lur-jauzia gertatu zen Antigua auzoan, eta horrek gas jarioa eragin zuen aldi berean. Auzotarren hitzetan, Donostiako Udalak ez zuen mendi magalaren egoera “ezegonkorra” kontuan hartu metroaren obrei ekiterako orduan.