Palestinarekiko Elkartasun Taldeak Donostiako Zinemaldiari eskatu dio BDS (boikot, desinbertsioak, zigorrak) kanpainarekin bat egiteko eta Israelgo pelikulak Zinemalditik baztertzeko. “Pelikula horiek proiektatzea Israelek Palestinan duen Apartheid estatuarekiko konplizitate keinua da, eta ez du bidezko konponbiderik sustatzen palestinarrentzat”.
“Israel 50 egunez ikusi ditugun gizateriaren kontrako krimenen arduraduna da, baina ez da ezer gertatzen, zine israeldarrak Zinemaldian ongi etorria izaten jarraitzen du”, salatu dute Victoria Eugenia antzokiaren aurrean egindako agerraldian.
Nazio Batuen Erakundeak 2014. urtea “Herri Palestinarekiko Nazioarteko Elkartasun Urtea” izendatu duela gogoratu dute, eta horregatik aurtengo edizioan testigantzaren bat egotea espero zutela adierazi dute.
“Denok dakigu Donostiako Zinemaldiak ez duela babesten Israeli boikota egitea, baina ez du inoiz salatu Israelek Palestinako kulturari, eta batez ere Palestinako zineari egiten dion boikota”, kritikatu dute.
“Aurkitzea zailagoa dela ulertzen dugu, baina zine palestinarra existitzen da, nahiz eta Israelen boikot iraunkor eta eraginkorra jasan”, esan dute. Zinemaldiaren edizio gehienetan zinema palestinarra ez egotea “adierazi gabeko boikot gisa” jo dute.
Zinemaldiaren erantzuna: “Ez diogu inori boikotik egingo bere herritartasunagatik”
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jasotzen duenez, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak EFE agentziari adierazi dio ez duela “inoiz” babestuko zinemagile bati boikota egitea bere herritartasunagatik. Zinemaldian “edozein zinegilek bere pelikula proiektatzeko eskubidea” duela nabarmendu du, “herritarra ez delako bere Gobernuak egiten duen politikaren erantzule”.
Rebordinosek esan du Palestinako Elkartasun Taldearen gutuna jaso duela eta hura erantzungo duela, ez diola inori boikota egingo esateko.
Hemen Palestinarekiko Elkartasun Taldearen agerraldia: