Konfinamendua hasi eta bi astera Donostiako Zaintza Sareek lehenengo balorazioa egin dute. 680 bolondres antolatu dira hainbat auzotan eta orotara 290 pertsonari laguntzen ari direla jakinarazi dute. Zailtasun nagusia beharra duten herritarrengana heltzea dela adierazi dute, eta aldi berean, jakinarazi dute Donostiako Udala laguntza behar duten pertsonen kasuak beraiengana bideratzen ari dela eta aitortza publikoa eskatzen dutela.
Orain ia hiru aste Espainiako Gobernuak konfinamendua iragarri zuenean, Donostiako herritar askok ez zuten administrazioaren aldetik proposamenik ikusi horrek pertsona zaurgarrienei eragingo zizkien zailtasunei aurre egiteko. Horregatik erabaki zuten antolatzea, bizilagunen beharrei modu kolektiboan erantzun ahal izateko, prentsara bidalitako oharrean diotenez. Ondorengo auzoetan sortu dira zaintza sareak: Egia, Intxaurrondo, Amara Berri, Parte Zaharra, Altza, Amara-Erdialdea, Añorga eta Gros.
Donostia osoko sareetan, laguntzeko prest, 680 boluntario baino gehiago daudela jakinarazi dute, eta nabarmendu dute gehienak emakumeak direla. "Ez dugu uste kasualitatea denik, gure kulturan egiten diren ikusgarritasunik gabeko lan feminizatuei buruz ari garelako lan boluntarioak aipatzen ditugunean, zaintza lanetaz ari gara eta lan hauek emakume aurpegia dute gure inguruan".
Orain arte zailtasunik handiena beharra duten pertsonengana heltzea izan dela diote, pertsona hauen gehiengoa heldua delako, eta beren ekimenaren berri izateko modurik ez dutenak. Ahaleginak egin zituzten laguntza telefonoak ahalik eta gehien zabaltzeko, eta diotenez, pixkana deiak iristen hasi zaizkie. "Azken egunetan dei kopuruak nabarmen egin du gora, udala hasi delako jendea zuzenean gure zaintza sare komunitarioetara bideratzen", diote.
Sarea sortu eta egun gutxira udaleko teknikari bat beraiekin harremanetan jarri zela jakinarazi dute, boluntario sareen egoera ezagutu eta elkarlanerako egon zitezkeen aukerak aztertzeko. "Horretan ari ginela, Jaurlaritzak ere boluntario sare propioa iragarri zuen: Guztion Artean, Elkartasun Sare Antolatua izena jarri zioten ekimen berri horri eta boluntario izateko modu seguru bakar moduan publizitatu zuten, zaintza sare herritarron lana gutxietsiz. Ez dugu ukatuko, mingarria iruditu zitzaigun ehunka pertsonaren lana horrela zalantzan jartzea", diote. Hala ere, udalari boluntarioen arteko koordinaziorako prest zeudela adierazi zieten eta Donostiako Udaletik zer proposatuko zain geratu zirela.
Donostiako Udaleko zerbitzuak zaintza sare komunitarioetara bideratzen ari dira laguntza behar duten herritarrak.
"Egunak pasa dira eta udalarekin harremanetan jarraitzen dugu, baina ez dugu inolako babes eta baliabide zehatzik jaso. Baina deiak bai, deiak iritsi dira. Udaleko zerbitzuak zaintza sare komunitarioetara bideratzen ari dira laguntza behar duten herritarrak. Primeran iruditzen zaigu hiriko boluntario sare herritarrak baliatzea auzotarron arteko zaintza egiteko, ez gara udaletik bideratutako dei hauetaz kexatzen, inola ere ez. Gustatuko litzaigukeena boluntario guzti hauen lanaren aitortza publikoa da, eta hauen lana modu egokian garatu ahal izateko oztoporik ez jartzea". Gogoratu dute Udaltzaingoak Parte Zaharreko zaintza sareko kideei debekatu egin ziela ekimenaren berri megafoniaz ematea "ordena publikoa" mantentzearen aitzakian.
Salatu dute Udal Gobernuko kideek hedabideetan diotela "beharrezko baliabide guztiak jarri direla laguntza behar duten pertsona guztiengana heltzeko". Beren ustez hori ez da horrela, eta adibide gisa hartu dute etxerik gabeko pertsonekin zuzenean lanean ari diren Harrera Sareko kideek salatzen dutela ez dagoela nahikoa lekurik etxegabe guztientzat.
Udal Gobernuaren jarrera kritikatzen duten arren, argi utzi nahi izan dute ez dutela udaleko langileen lana zalantzan jarri nahi. "Alderantziz, benetan uste dugu izugarrizko ahaleginak egiten ari direla egoera zail honetan herritarrei modurik onenean lagundu ahal izateko". Beren hitzetan arazoa beste bat da: borondate politiko eta baliabide falta.
"Alarma egoera honetan argi eta garbi ikusten ari gara Udal Gobernuaren politika eta aurrekontuek ez dituztela donostiar guztion bizitzak jartzen erdigunean, agerian geratu da zaintza lanetarako baliabideetan inbertitzea ez dutela lehentasunen artean kokatzen. Herritarrok geure gain hartu dugu gure bizilagunak zaintzeko ardura, eta modu horretan uste dugu erakunde publikoek utzitako hutsuneak betetzen ari garela", salatu dute.
Amaitzeko, diote, publikoki gutxiespenak jaso dituztela eta de facto elkarlanean ari direnez, "eskatzen duguna da elkarlan hori existitzen dela aitortzea eta babestea. Pozik jarraituko dugu lan horretan, pozik hartuko ditugu udaletik bideratutako dei guztiak, baina inork ez dezala estali komunitate lan boluntario honen ekarpena. Ez da udala izan beharrezko baliabide guztiak martxan jarri dituena, herritarrok izan gara auzokideei laguntzeko antolatu eta martxan jarri garenak".
Datozen asteetan ere lanean jarraituko dutela diote. "Etxetik atera ezin dutenen erosketak egingo ditugu auzoko komertzioan eta maitasunez beteta eramango ditugu beharra dutenen ateraino, farmaziako botikak hartu eta osasuna gehien zaindu behar dutenei hurbilduko dizkiegu, etxean bakarrik dagoenari konpainia egingo diogu telefonoaren bestaldean... Azken finean, auzo zaintzaz jarraituko dugu auzo eta herriak zaintzen, gure bizilagunen beharrei modu kolektiboan erantzunez".