Gipuzkoako fiskaltzaren eskuetan daude Donostiako Santa Klara uharteko lanen esleipenean Udalak eginiko ustezko irregulartasunak, ARGIAk aurreratzen duenez. Udaleko langileen LABeko sail sindikalak dossier bat prestatu du eta bertan agertzen denez, besteren artean, LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu dute eraikina birgaitzea zuzentzeko lana. Funtzio horretatik, gerora Moyua enpresak gastuetan egindako %23ko gainkostuei onespena eman diete enpresa horiek, Donostiako proiektu eta obren departamenduko zuzendariaren oniritziarekin. ARGIAk ikusi duenez, Alfonso Vázquez da departamenduko zuzendaria.
Donostiako Santa Klara uharteko lanek zeresana ematen jarraituko dute, 4,5 milioi euro kostatu duen Cristina Iglesiasen Hondalea obra inauguratu ostean ere. Donostiako Udaleko langileen LAB sail sindikalak irregulartasunak atzeman eta barne mailan udal gobernuari hauen berri eman ostean, egindako galderen aurrean erantzunik jaso ez dutenez, Gipuzkoako fiskaltzaren eskuetan utzi ditu uharteko lanak gertutik jarraitu dituzten langileek helarazitako informazio eta salaketak. Eneko Goia alkateari ere txostenaren kopia igorri diote astelehenean.
Hainbat izan dira fiskaltzaren eskuetan utzi dituzten informazioak: Batetik, LKS Fhecor-i eraikina birgaitzeko lanak esleitzeko erabilitako prozeduran irregulartasunak aurkitu dituzte.
Iglesiasen eskultura eraikinean sartu aurretik eraikinaren estaldura kendu eta fatxada mantenduz eraikina eraisteko lanen zuzendaritza LKSri zuzenean lizitatu zioten kontratu txikien prozedura baliatuz, 15.000 eurotik behera. Behin eskultura sartzen hasita, ordea, eraikina birgaitzeko lanen zuzendaritza enpresa berak egin du, inongo lizitaziorik gabe, LABek jakinarazi duenez. Beren webgunean ere hala baieztatzen du LKSk. Proiektua onartzeko 2019-910-eko diktamenean ere ez da lizitazioa agertzen. Sindikatuaren arabera, udaleko proiektu eta obren departamenduko zuzendari Alfonso Vázquezek tramitatu zuen zerbitzu hau lizitatu gabe, zuzenean LKS-Fhecor-i esleituz.
Horrez gain, Gipuzkoako Fiskaltzari eskatu diote ikertzeko ea nola ordaindu dion Donostiako Udalak LKS-Fhecor-i eraikina birgaitzeko lanen zuzendaritza, lizitaziorik ez badago, erakunde publikoak ezin diolako zuzenean ordaindu.
Obren zuzendaritza LKSk egin du eta bere ardura izan da lekuan bertan lanak nola zihoazen gainbegiratzea. Moyua enpresa arduratu da eraikina eraitsi eta behin eskultura barnean zela, gero berriz ere berreraikitzeaz. Moyuak 1,46 milioi euroko aurrekontua egin zuen lanaren lizitazioa eskuratu zuenean, proiektu hori onartu zuen udalak, eta azkenean 1,8 milioi euro kosta zaiola adierazi du. Adjudikazioan iragarri zuena baino %23 gehiago.
Donostiako herritarrek diru publikoz ordaindu dituzten gainkostuen onespena LKS enpresak eman die, eta Donostiako Udalak, promotore izanik, proiektu eta obren departamenduko zuzendaria buru dela, Moyuaren lanen likidazioa onartu du.
Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak, sare sozialetan baieztatu du fiskaltzara eraman duten informazioa eta jakinarazi du asteazkenean informazio gehiago zabalduko dutela.
HONDALEA, irlaren HONDAMENDIA.
— LAB Donostiako Udala (@LABudaladonosti) June 8, 2021
Donostiako Udaleko LABeko Sail sindikalak, Santa Klara irlan Hondalea eskultura jartzeko egin den tramitazio urbanistikoa Gipuzkoako Fiskaliara eraman du irregulartasunak daudelakoan. Bihar informazio osoa zabalduko dugu. #HondaleaGardetasunaOrain pic.twitter.com/zTqznQQFHS