argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udaleko idazkariak etxe turistikoen araudia bere “negoziorako” erabili nahi izan duela salatu dute
  • Donostiako Saretxe elkarteak, Hondarpe groseko auzo elkarteak eta Laia abokatu taldeak salatu dutenez, udaleko idazkariak bere etxebizitza bati erabilera turistikoa eman nahi izan dio, EAEko Auzitegi Nagusiak etxe turistikoen legea atzera bota zuen arren.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko martxoaren 25a
Hondarpe, Saretxe eta Laiako kideak ostegunean egindako prentsaurrekoan (arg.: Irutxuloko Hitza / BeƱat Parra)

2018ko martxoan Donostiako udal gobernuak ordenantza onartu zuen etxe turistikoak lehen solairutik gora ere egotea baimentzen zuena. Aitzitik, EAEko Auzitegi Nagusiak, helegite bat aztertu ondoren, ebatzi zuen ordenantza batek ezin zuela halakorik arautu Plan Orokorrean aldaketarik egin gabe.

"Geure buruari galdetu genion zenbat pisu turistiko zeuden Grosen lehenengo pisutik gora, eta ariketa horretan 7 pisu turistiko topatu genituen –azaldu du Hondarpe auzo elkarteak–. Geure buruari egin genion hurrengo galdera izan zen ea zeinek izan zezakeen interesa etxebizitzak negoziora bideratzeko, eta ez funtsezko bizi baldintza bat bermatzeko".

Bilaketa horretan, sorpresa batekin egin dute topo Groseko kolektibo horiek: ostegun honetan prentsaurrean salatu dutenez, etxebizitza horietako baten jabea Juan Carlos Echezarreta Donostiako udal idazkaria da. Usandizaga kaleko eraikin batean seigarren solairuan duen etxeari erabilera turistikoa egiteko eskaera egin zuen, bere senide baten izenean, diote.

"Udaletxeetako idazkarien funtzioen artean dago onartzen diren arauak legearen araberakoak diren edo ez aztertzea eta honen arabera aholkularitza lana egitea, eta honek egiten du egoera hau larria", azaldu dute. Euren esanetan bai EAEko Auzitegi Nagusiak bai Espainiako Auzitegi Gorenak esan dute 2018ko martxoan onartutako prozedura horrek ez duela legea betetzen.

Xehetasun hori "konfidantzazko abokatuen" esku utziko dutela jakinarazi dute eta "azalpenak eta ardurak" eskatu dizkiete Eneko Goia Donostiako alkateari eta Echezarreta idazkariari.

Nolanahi ere, "gertakari" hori etxebizitza eskubidearen aferan dagoen gatazkaren testuinguruan lotu dute eragileok: "Ez da kasualitatea", nabarmendu dute. "Etxebizitza produktu bilakatu dute eta horrekin batera baita gure auzoa ere, bata zein bestea, metaketa kapitalistarako merkantzia gisa erabili dituzte".

Hala, "auzodefentsan" jarraituko dutela iragarri dute eta etxebizitza eskubidearen alde ari direnei ere euren babesa eskaini diete. Hain justu,ostiralean Bilbon Santutxuko auzotar baten etxegabetzearen kontra manifestazioa egingo da, eta Donostian apirilaren 30ean Egiako eraikin bateko bizilagunak babesteko mobilizatuko dira.