argia.eus
INPRIMATU
2021eko datuak
Donostiako Udalak ia milioi erdi bat euro banatu dizkie gaztelaniazko hedabideei, publizitate instituzional kontzeptuan
  • Ia milioi erdi bat euro ordaindu zizkien gaztelania hutsez edo nagusiki hala diren hedabideei Donostiako Udalak publizitate instituzionalaren bidez, eta euskarazkoei, kontrara, 32.000 euro. El Diario Vasco eta Ser Irrati kateak diru-poltsaren ia erdia jaso dute, eta euskarazko hedabide guztiak batuta –Berria, Euskadi Irratia, Gaztea, Irutxuloko Hitza, ARGIA, Aizu, Bertsolari, Gaztezulo, Hamaika Telebista eta Donostia Kultura irratiak– %6,43.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko martxoaren 29a
Donostiako Udalak publizitatearen bidez hedabide erdaldunak bultzatzen ditu, alde handiz.

Donostiako Udal Gobernuak hedabideetan ordaindu publizitate instituzionalaren iazko datuak eskuratu ditu ARGIAk. Guztira 496.408 euro erabili ditu publizitate instituzional kontzeptupean. Alde handiz gehiena El Diario Vascori eman diote, Teledonostirekin batera, 121.340 euro, %25 bueltan. Albistearen amaieran xehe topatuko ditu irakurleak datuak, baina ideia bat egiteko, ARGIAk 2.087 euro jaso zituen, %0,5.

Publizitate instituzionalaren bidez Eneko Goiaren Gobernuak egiten dituen komunikazio gehienak ez dira euskal hedabideekin informatzen diren donostiarrengana heltzen, kanpainen gehiengoa gaztelaniazkoetan soilik egiten baitute. Beste hitz batzuekin esateko, publizitate instituzionalarekin bultzada ekonomiko handiena El Diario Vasco eta Ser hedabideei ematen diote. Hirugarren postuan EiTB dago, eta laugarren Noticias de Gipuzkoa. Datu hauetan ez daude beste dozenaka milaka euro, gehienak babesletza eta kontratu txikien bidez sailkatuak, adibidez, udalak ematen dituenak San Sebastian Gastronomika gisako ekitaldiak antolatzeagatik.

PSEk gobernatzen dituen sailetan, ia hutsaren parekoa da euskarazko hedabideetan jartzen den publizitate kopurua.

Banaketa irizpideak ez daude garbi. Audientziak badira, ez da ulertzen, adibidez, Noticias de Gipuzkoak jasotzea Garak, Berriak edo ARGIAk baino gehiago, CIES datuen arabera, dozenaka milaka irakurle gehiago izan arren hiru hedabide nazionalek, Noticias taldeko egunkariak gehiago jaso du.

2018an ARGIAk aztertu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako banaketa eta Eusko Jaurlaritzak eginikoa. Bietan gaztelaniazko hedabideek jaso zuten bultzada ekonomiko nabarmena euskarazkoen aldean –euskarazko diru-laguntzetan Jaurlaritzak banatzen duena baino gehiago–, eta Eusko Jaurlaritzak iaz zenbait hedabideren artean banatutako bost milioi euroetan ere, %6a eman zieten euskarazko bi hedabideri.

DATUAK | 2021eko Donostiako Udalaren publizitate instituzionala, eurotan:

Diario Vasco: 99.979
Ser: 60.480
EiTB: 49.962
Teledonosti: 21.881
Noticias de Gipuzkoa: 20.881
Grupo Prisa: 19.790
Gara: 10.842
Onda Vasca: 8.477
Berria: 8.783
Sud Ouest: 7.598
Onda Cero: 6.255
Irutxuloko Hitza: 6.166
Cope: 3.497
Donostitik.com: 2.550
Estrategia empresarial: 2.500
Cadena 100: 2.387
ARGIA: 2.087
Hamaika TB: 1.650
Radio Marca: 1.000
Bertsolari: 900
Radio Popular: 602
Gaztezulo: 550
Aizu! 537
Donostia Kultura Irratia: 200