argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udalak zezenketak “laguntzen jarraitzen” duela salatu du Eguzkik
  • Cristina Lage Turismo zinegotziak Urrezko Maskorra saria eman dio berriki Roca Rey toreatzaileari, 2022ko Aste Nagusian faenarik onena egiteagatik. Horren aurrean, Eguzki Erakunde Ekologistak salatu du Donostiako Udaleko zinegotzi batek toreatzaile bati sari bat emateak erakusten duela “udalak Illunbeko zezenketak laguntzen jarraitzen” duela.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2023ko martxoaren 24a
Illunbeko zezenketen une bat, 2022ko Aste Nagusian. (Argazkia: Gipuzkoa Antitaurinoa)

“Azken urteotan, udalak, auzi honetan duen erantzukizun zuzena ezkutatu nahian, argudiatu du zezenketak jarduera pribatua direla eta berak ez duela jarduera horretan inolako erantzukizunik. Baina, horrela balitz, Turismo zinegotziak zergatik eman beharko luke sari bat? Udalaren egitekoa al da pertsona bat saritzea zezenak hiltzeagatik espektakulu bihurtuta?”, kritikatu du Eguzkik.

Halaber, ekologistek gogorarazi dute donostiarren %71aren ustez ez dela “onartu behar udal instalazioak ikuskizun taurinoetarako erabiltzea”, udalak berak egindako inkesta baten arabera. “Nor ordezkatzen ari zen zinegotzia aipatutako saria eman zuenean? Donostia zezen sarraskiekin nahastea nahi ez duen gehiengoa edo zezen sarraskiekin gozatzen omen duen gutxiengoa? Gainera, prentsa kronikaren batean irakurri dugunez, faena biribiltzeko edo, Lage zinegotziak esan zuen ‘zezenketa kultur munduaren funtsezko zutabea’ dela”, gehitu du Eguzkik.

Horrela, ekologistek Eneko Goia alkateari galdetu diote ea bat datorren Lagek toreatzaileari sari bat ematearekin eta esandakoarekin, eta gaineratu dute ez dela lehenengo aldia PSE-EEko zinegotziek halako zerbait egiten dutela: “PSE-EEko zinegotziek urteak daramatzate toreatzaileei sariak ematen, seguruena mundu horretan bozka batzuk lortuko dituztelakoan. Baina, Donostiako Udalaren eta donostiarren izenean ari dira. Eta hori larria da. Hori ezin da nolanahi onartu. Zezenketei dagokienez, PSE-EEko zinegotziek beren burua ordezkatzen dute, edo, gehienez ere, alderdiarena Ez besterik. Eta donostiarron iritziaren inguruan oraindik zalantzarik badituzte, galdetu baino ez dute egin behar”.