argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Udalak gaikako bilketa betetzen ez duela salatu du Eguzkik
Irutxuloko Hitza @irutxulo 2024ko urriaren 04a
Zaborra pilatuta, Garberaren atzealdeko edukiontzietan. Eguzki

Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta gaikako bilketaren ehuneko jakin bat betetzea ere eskatzen duela. Talde ekologistaren arabera, baina, gaur gaurkoz, Donostia ez da gutxieneko kopurura iristen: “Legeak 2025erako gutxienez % 55 bereizita jasotzera behartzen du. Eta, zenbat jasotzen du Donostiak? %41,3 eskasa, hau da, Gipuzkoa osoan gaika gutxien biltzen duen biztanleria”, jaso du talde ekologistak zabaldutako oharrean.

Eguzkik gogorarazi duenez, Gipuzkoako beste udalerri batzuek aspalditik jasotzen dituzte gaika hondakinen % 60 eta % 70 artean. Bestalde, ekologistek deitoratu dute zerga kopuruaren igoera horrek legeak duen helburuaren aurka egiten duela erabat, gehien kutsatzen duenak gehien ordaindu beharko lukeelako: “Praktikan, hondakinen tarifa laua da Donostian. Herritarrek gauza bera ordaintzen dute selektiboki asko bereizi edo ez. Eta hori ez da bidezkoa”.

Talde ekologistak uste du, halaber, Donostiako Udalak herritarrei ez diela zehatz mehatz adierazten zenbat ordaindu behar duten zaborren zerbitzuagatik: “Donostiarrek ez dakite Gasteizen 56 euro ordaintzetik 104 ordaintzera pasatuko direla; Donostian, berriz, gaur egun, 210 euro ordaintzen ditugu batez beste, eta igoerarekin 265 euro ordainduko ditugu”.