Donostiako Udalak Fiare banku sozialarekin bat egin du eta erakunde horretan kontu bat irekiko duela iragarri du. Atzo eman zuten jakitera Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Fiareko EAEko Garapenerako Zuzendari Nagusi Juan Garibik Donostiako Udalean emandako prentsaurrekoan. Joan den hilabetean Errenteriako Udalak ere antzeko akordioa sinatu zuen banku etikoarekin.
Donostiako Udalak dirua jartzeaz gain, lokalak erabiltzeko aukera emango dio Fiareri. Izagirrek adierazi zuen dirua "era etikoan" erabili behar dela "eta ez armen salerosketarako, etxebizitzen espekulaziorako edo giza eskubideak urratzen dituzten ekintzetarako".
Garibik bestalde, banku tradizionalen alternatiba direla esan zuen. Azaldu zuenez, Fiaren pertsona bakoitzak badakie bere diruarekin zer egiten duen; eta erabakiak hartzeko eskubidea dute bezeroek, bakoitzak boto bat baitu bezero izateagatik, ez bankuan sartu duen diruaren arabera.
Garibik ziurtatu zuen beraien bankuko mugimenduak gardentasunez egingo direla eta webgunean kontsulta daitekeela dirua zeini eta zertarako ematen zaion.
Izagirrek nabarmendu zuen gizartearekin, ingurumenarekin edo bidezko merkataritzarekin lotutako egitasmoak bultzatuko dituela Fiarek eta horrek gure bizi kalitatea hobetzeko balio dutela.
Fiarek, gaur egun 3.500 bazkide ditu eta herena Hego Euskal Herrikoak dira. Fiareko kide izateko 300 euro sartu behar dira gutxienez, pertsona juridikoa izanez gero 600 euro eta elkarte, erakunde edo entitate bat izanez gero 1.800 euro. Garibik akordio hau beraientzat "oso garrantzitsua" dela esan zuen, udal baten konfiantza izateak inguruko jendea beraiengana hurbiltzea erraztuko dielako.
Informazio gehiago:
ARGIA astekariaren 2.293. zenbakian banku etikoari buruzko erreportajea argitaratu genuen: Pertsonen zerbitzura dagoen ekonomia
ARGIA astekariaren 2.111. zenbakian Fiare bankuaren sorrerari buruz Daniel Udalaitzek idatzitako erreportajea: Europako banku etikoen sorburua?