Eneko Goia alkateak adierazi du errekurtsoa aurkeztuko duela epaiaren aurka, “etxearen itxurara” mugatzen delako.
Xabi Alonsoren Igeldoko etxea legez kanpoko deklaratzen duen epaiaren aurka agertu da Donostiako alkate Eneko Goia, eta adierazi du udal zerbitzu juridikoek errekurtsoa jarriko diotela: “Haritzaldek aurkeztutako helegitea etxearen itxurara mugatzen da; ez da eraistea agintzen, eta ez da zalantzan jartzen eraikigarritasun-eskubidea”. Asteartean prentsaurrekoan mitzatu da Goia, eta azpimarratu du aztertzen ari direla errekurtsoa nola joango den.
Iragan ostiralean, Haritzalde talde ekologistak jakinarazi zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak legez kanpokotzat jo zuela Xabi Alonso futbol jokalari ohiaren Igeldoko etxea. Taldeak adierazi zuen Alonsok eraiki duen etxeak “ez duela zerikusirik” jatorrizko baserriaren berreraikuntzarekin, eta ez duela “inolaz ere” bete landa tipologiari eusteko betebeharra.
“Epaiak ematen duen argudioa hain da erradikala, non epaitegiak ez baitu salatzen genituen irregulartasun zehatzei buruzko iritzirik eman behar izan. Lizentziarik ez izateaz gain, eman zitzaiona baliogabea eta legeztatu ezinezkoa da”. Taldearen ustez, etxea eraitsi egin beharko da.
Haritzaldek salatu du agerian geratu dela Donostiako Udalaren “kudeaketa txarra eta arinkeria”. Halaber, azpimarratu du udalak arauak urratu dituela: “Udalak, herritarren logika eta eskubieak defendatu beharrean, onartu egin zituen eskaera horiek”.
Kudeaketaren ondorioak ere jarri dituzte mahai gainean Haritzaldeko kideek: “Nork hartuko ditu bere gain lizentzia irregular honen milioi askoko ondorioak?”. Udalari dei egion diote gertatu dena azaltzeko: “Iritsi da unea. Argitu dezala zer gertatu den Udalean hori guztia onartzeko. Ez da lehen aldia elkarteek auzitegietara eraman behar dituztela Udalak ematen dituen irabazi handiko lizentziak, legea urratuz, ingurumenari, hirigintza-antolamenduari eta interes orokorrari kalte larria eginez”.