Donostiako Arte Ederrak antzokiaren ondoan dagoen Araba parketik hasi da manifestazioa larunbatean eta 2.000 bat lagun bildu ditu. “Botere publikoak hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote”, salatu dute.
Ekainaren 18rako egin zuten manifestazio deialdia Donostiako 46 auzo, elkarte, herri mugimendu eta talde sozialek udalaren hirigintza-politika “kaltegarriak” salatzeko eta “hiri eredua herritarren eta auzoen beharrei begira” egotera alda dadin eskatzeko. 2000 pertsona inguru bertaratu ziren Araba parketik udaletxe parera egindako manifestaziora.
Manifestazioa Araba parkean hasi zen. Arte Ederrak eraikinaren ondoan, izan ere, eraikin horretan luxuzko Hilton hotel bat eraikitzen ari dira.
Ibilbidea Donostiako udaletxe parean amaitu zen eta bertan irakurri zuten manifestazioaren amaierako mezua. “Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertitzaileen interes espekulatiboen mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari kalte handiak eragiten ari zaizkio. Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan”. Hainbat arazo estruktural zerrendatu zituzten ondoren: etxebizitza larrialdia, hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea, kalearen merkantzilizazioa eta masifikazioa, hiriaren elitizazioa, hirigintza politika erasokorrak eta ondare arkitektonikoen suntsiketa.
Nabarmendu zuten Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) berritzeko prozedura abiatu duela eta honek orain arteko bidea jarraituz gero, Donostiaren eta donostiarren etorkizuna epe luzera “serioski kaltetzeko arriskua” ikusten dutela. “Itxurazko parte-hartze prozesua gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen ditugun eta bestelako hiri-eredua defendatzen dugun donostiarrei”. Ondoren gaineratu zuten “hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmentzen dugu”.
Amaitu dute jakinaraziz manifestazioa auzo elkarte eta herri mugimenduen arteko elkarlanaren “lehen urratsa” izan dela eta segida emango diotela.
Batu diren auzo elkarte eta herri mugimenduen zerrenda jarraian: