argia.eus
INPRIMATU
Eguzki Talde Ekologista
“Donostiako Udalak bizikletak jazartzen ditu”
  • Hondartza inguruetako baranda eta hiri-altzarietan erabiltzaileek uzten dituzten bizikletak “bahitzea” egozten dio Eguzkik Udalari. Talde ekologistaren esanetan, Mugikortasun Departamenduak “ez dio soluziorik ematen aparkaleku-eskaintza eskasari”.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 02a
Bizikleten masifikazioa Kontxako hondartza inguruan. Argazkia: Eguzki Talde Ekologista

Eguzki talde ekologistak ohar batean azaldu duenez, uda hasierako “klasiko” bihurtu da Donostiako Udaltzaingoak hondartza inguruetan dauden bizikletak “bahitzea”. Ondorioz, bizikleta-erabiltzaileenganako “udal jazarpena” salatu du eragileak.

Euren ustez, erabiltzaileek baranda eta hiri-altzarietan bizikletak lotzea saihesteko horiek bahitzea “ez da onargarria, ezta pedagogikoa ere”. Hori dela eta, Mugikortasun Departamentuko buru Maria Pilar Aranari aparkaleku-eskaintzarako soluzioak emateko erantzukizuna eskatu dio, eta utz diezaiola “erabiltzaileen erantzukizuna” aitzakia gisa baliatzeari eta irtenbideen aurrean isunak lehenesteari.

Uda berezia

Horrez gain, aurtengo udak, COVID-19 pandemia bitarteko, “ezaugarri bereziak” dituela gogorarazi du Eguzkik. “Muturreko konfinamenduaren deseskaladak bat egin du muturreko eguraldiarekin”, eta horrek pertsona ugari hondartzetara bultzatu dituela identifikatzen du taldeak. Pertsona horiek garraiobide “ekologiko, seguru eta osasungarria” baliatu duten bitartean, ordea, “bizikletak modu masiboan bahitzea” izan da Mugikortasun Departamentuaren erantzuna.