Duela sei urte, oposizioan zeudenean, defendatutakoaren kontrakoa egin dute ostegunean Eneko Goia buru duen Donostiako udal gobernuko bi alderdiek. Udalbatzaren kontrolerako mozioak murriztea onartu dute, eta hemendik aurrera alderdiaren zinegotzi kopuruak finkatuko du bakoitzak egin dezakeen mozio kopurua. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PPk gobernuaren izaera "autoritarioa" salatu dute. Horrez gain, interperlazioetan azken hitza udal gobernuak izango duela ere onartu dute araudia aldatuz.
Udalbatzaren Erregelamendu Organikoaren 97.3 eta 98. artikuluak aldatuz, udalbatzaren funtzionamendua aldatzea onartu dute Donostiako EAJk eta PSEk. Irutxuloko Hitzako Inaxio Esnaolak plenoan gertatutakoa jaso du kronika honetan irakur daitekeenez, tentsio handikoa izan da.
Udal gobernuak defendatu du "udalbatzarra berrantolatzeko" eta "hiri handiek duten araudira egokitzeko" asmoa dagoela erabakiaren atzean. Oposizioak berriz, "herritarrei ahotsa ukatu nahi izatea" egotzi diote.
Orain arte, talde bakoitzak nahi adina interpelazio egin zitzakeen. Aldaketen barnean, interpelazioei buruzko araudian ere moldaketak egitea onartu dute, eta hemendik aurrera udal gobernuak izango du beti azken hitza.