argia.eus
INPRIMATU
Donostiako udal gobernuko kideek “tonto utilak” deitu dietela salatu dute Txantxarreka Gaztetxetik
  • Pasa den ostiralean Txantxarrekako eta udal gobernuko kideak bildu ziren gaztetxean dauden migranteei buruz hitz egiteko, eta ostegunean bileraren balorazioa egin dute.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko irailaren 13a
Gazteak pankartarekin udaletxe atzean Eneko Goya aurretik pasatzen (Argazkia: Txantxarreka)

Donostiako Udal gobernuko kideen jarrera ezkorra salatu eta hutsik dauden hainbat lokal publiko erabiltzeko eskatu dute gazteek. Ez dute ulertzen Udalaren jarrera gai horren inguruan: “Nola liteke herritarrok gaztetxe batekin Udalari dagokion eskumeneko jarduna burutzeko gai izatea, eta zuek ez? Hain zaila al da?”.

Eneko Goia alkateak egindako adierazpenen aurka azaldu dira. Alkateak bilera ondo joan zela eta harremanetan daudela adierazi baitzuen eta Txantxarrekakoek “gezurra” dela salatu dute, “bilera ez zelako ondo joan”. Hala ere, prest azaldu dira “egoerari irtenbidea emango dion harremana mantentzeko”.

Udal gobernuaren mespretxuzko jarrera ere salatu dute. Azaldu dutenez, “tonto utilak” zirela esan zieten; aterpetxean gehienez egon zitezkeen egun kopurua egon eta gero bi emakume eta bi haur gaztetxean egon ziren bizitzen lau egunez eta “ume eta emakumeen bahiketa bat izan zela" aditzera eman eta "secuestro hitza hainbatetan erabili zuten”. Gainera, deigarria egiten zaie  udal aterpetxeetatik gaztetxera jendea bidali izana.

Bestalde, herritarrei eskatu diete, migranteei laguntza eskaintzen jarraitzeko, eta inguruko udalei haien bitartekoak erabil ditzatela egoera hau aldatzeko.