Donostiako turismoaren kudeaketa aldatzeko zazpi proposamen egin ditu EH Bilduk, besteren artean, hiriaren karga turistikoa neurtzea. Mahai gainean jarri dute, bisitari kopuruari dagokionez orain arteko errekorra izan zen 2019ko datuak %10ean gainditu direla hirian maiatza arte.
Donostiako 2017-2021 Turismoko Zuzendaritza Plana eguneratzen ari direla baliatuz, EH Bilduk salatu du azken urteotako turistifikazioa ez dela jasangarria eta herritarren bizi kalitatea kaltetzen ari dela. Planak esan arren erronka nagusia turismoaren "garapen orekatua eta jasangarria" zela, koalizioak uste du Turismo Zuzendaritza Plana “literatura hutsean" geratu dela”.
Eustatek argitaratutako azken datuak azaldu ditu: Donostiara iritsitako turisten kopuruak beste errekor historiko bat gainditu du maiatzean. Ordura arte hiriak izandako bisitak %10 igo dira daturik altuenak zituen 2019 urteko aldi berarekin alderatuta. Hazkunde “neurrigabe” hori aurreikusi zitekeela ziurtatu du koalizio abertzaleak eta Goia alkate denetik hotel eta antzekoak biderkatu egin direla. Goiaren gobernuak lizentziak ematen jarraitzen duenez, “kontrolik gabeko hazkunde hori mantentzea eta areagotzea” dela joera.
Proposamenak
Zazpi proposamen egin ditu Donostiako EH Bilduk, turismo-ereduari norabide aldaketa eman behar zaiola argudiatuta.
Lehena, 2017 eta 2021 urteen arterako Turismoko Zuzendaritza Planaren eta haren hiru erronka estrategikoen betetze-mailaren balantzea aurkeztea, bereziki helmugaren kudeaketari eta turismoaren gobernantzari dagozkionak.
Bigarrena, Donostia Turismoa sozietatearen funtzioak eta antolamendu eredua berregokitzea, Turismoko Zuzendaritza Planak jasotako irizpideen araberako gobernantza eta jarduera egikaritzeko.
Hirugarrena, txosten bat egitea Donostiako hiriaren, nahiz auzo edo zonalde jakin batzuen –Parte Zaharra, Erdialdea, Gros, Egia, Antigua– karga turistikoaren gaitasunari buruz, eta bertan bizi direnen bizi-kalitatea arriskuan jarri gabe har ditzaketen eguneko bisitarien eta ostatu-gauen kopuruari buruz, besteak beste.
Laugarrena, karga turistikoaren gaitasuna aztertzeko aldagaiak (eremuak, neurriak...) adostuak eta kontsentsuz hartuak izatea, alderdi politikoen, kaltetutako eremuetako auzokideen eta sektoreko eragileen artean.
Bosgarrena, Parte Zaharra eta Kaia bezala, beste auzo batzuk –Erdialdea, Gros, Egia, Antigua– saturatutako eremu edo "eremu ase" izendatzeko behar diren ordenantzak aldatzea.
Seigarrena, “Eremu ase” edo “joan-etorri handiko espazio” izendatutako auzoetan lantaldeak eratzea, tokian tokiko bizilagunekin eta eragileekin batera, beharrezko erabakiak hartu eta ekintzak abiarazteko (mugikortasuna, fluxuen kudeaketa, komunikazioa, ondarea...).
7.- Alternatibak edo “B plana” prestatzea. COVID-19 pandemia adibide hartuta, turismoak aldaketa eta krisien aurrean agertu duen zaurgarritasuna dela eta, jarduera ekonomiko honekin lotutako lanpostuak beste sektore batzuetan egokitzeko trantsizioa errazteko neurriak.