Olatu artifizialak sortzeko azpiegitura Donostiako Antondegi mendian jartzearen aurkako sinadura bilketa abiatu dute sarean. Antondegi Berdea, olatuak itsasoan izeneko kanpaina abiatu dute orain zenbait aste hainbat eragilek.
2015ean, munduko surflaririk ezagunenetako bat den Kelly Slater-ek gizakiak sortutako lehen olatua aurkeztu zuenetik, olatu artifizialak eraikitzen hasi dira –ez polemikarik gabe– batean eta bestean. Donibane Lohizunen herritarrek halako proiektu bat atzera bota eta hilabete gutxira, Donostian bat egin nahi dutela jakinarazi du Eneko Goiaren udal gobernuak. Kokapena: Martutene langile auzoko Antondegi mendian, itsasotik 4 kilometro eskasera, hirian urbanizatu gabe geratzen den leku gutxi horietako batean.
Arrabotsa eragin du horrek eta zenbait mugimendu ekologista eta surflari batuta, Antondegi Berdea, olatuak itsasoan ekimena abiatu dute. Udalak aurrera egiten duen heinean, aurkako ahotsak altxatzen hasi dira eta Donibane Lohizuneko eredua hartuta, sinadura bilketa abiatu dute.
Bideo bat ere egin dute beren arrazoiak azalduz.
ARGIAn azpiegitura hauei buruzko kanalean topatuko ditu irakurleak informazio gehiago.