argia.eus
INPRIMATU
Donostiako surf parkeak desagertze arriskuan dauden hegazti ugariren habitata hondatuko lukeela salatu dute
  • Martutene auzoan dagoen Antondegi gainean surfa praktikatzeko eraiki nahi duten azpiegitura erraldoiak kezka sortu du hegaztiak eta haien habitatak ikertzen, babesten eta ezagutarazten aritzen den Itsas Enara ornitologia elkartean eta SEO/BirdLife-en. Kokagune honetan gutxienez 117 hegazti espezie daudela gogoratu dute, eta horietako 29 Eusko Jaurlaritzak duen Mehatxatutako Espezieen Katalogoan daudela. Proiektuak "arriskuan jarriko lituzke”, adierazi dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2021eko urtarrilaren 07a
Martuteneko Surf Parkeak hegazti askoren etorkizuna arriskuan jarriko duela salatu dute, tartean miru gorriarena.

Naiz hedabideak jaso duenez, bi elkarte hauek beren “kezka” adierazi dute Donostia eta Astigarraga artean dagoen Antondegin egin nahi duten azpiegitura dela. “Balio ekologiko handia duen lekua da”, gogorarazi dute.

Herritarrei jakinarazi nahi izan diete mendi honetan gutxienez 117 hegazti espezieren presentzia detektatuta dagoela, zientzia herritarrerako eBird plataformaren erregistroen arabera. Horietako 84 Espainiako Estatuaren Babes Bereziko Hegaztien Zerrendan daude, eta 29 Eusko Jaurlaritzak duen Mehatxatutako Espezieen Katalogoan.

Antondegi gaina, gaur egun. (Lander Arbelaitz)

Desagertzeko arriskuan dagoen hegazti baten kasua nabarmendu dute: miru gorria edo milvus milvus. "Olatu artifizialen parke batek hegazti hauek modu larrian konprometituko lituzke, beren habitatak eraldatuz nabarmenki”.

Miru gorria Antondegi mendian. (Argazkia: Itsas Enara)

Lurraren artifizializazioari gehitu beharreko eragin negatiboetan, bertara joango direnen desplazamenduak eta instalazio hauei emango zaizkien bestelako erabilerak ere aipatu dituzte.

Martutenen bederatzi hektareako azpiegitura eraiki nahi du Eneko Goiaren udal gobernuak, El Diario Vasco egunkariak abenduaren 30ean jakinarazi zuenez. Itsasotik lau kilometrora legoke Surf Park hau, hiriaren inguruetan urbanizatu gabe geratzen den mendi gutxi horietako batean, Antondegin.

Irudian, Bristolen eraikia daukaten Surf Park-a.