argia.eus
INPRIMATU
Donostiako San Bartolomeko merkatalgunearen aurkako errekurtsoa onartu du Auzitegiak
  • 200 plazako aparkaleku bat eta 8.040 metro koadroko merkataritza gunea eraikitzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuen Donostiako Udalak urtarrilean. Hainbat elkartek salatu zuten proiektuak eragin negatiboa izango duela, eta "erabat legez kanpokoa" dela.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko apirilaren 27a

EAEko Auzitegi Nagusiko 2. Epaitegiak Donostiako San Bartolome muinoko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aurkako errekurtsoa onartu du, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean asteazkenean argitaratu denez.

Dendartean Merkataritza Elkartea, Donostiako Merkatarien Elkartea, Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteak eta Donostia Defendatuz koordinadorak proiektua salatu zuten pasa den astean. Era berean, Plan Berezia auzitegietara eramateko asmoa agertu zuten. Donostiako Udalak EAJren boto bakarrarekin eta PP, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia oposizioaren gaitzespenarekin onartu zuen.

Elkarteek argitaratutako oharrean, salatu zuten aparkalekuak hiriko mugikortasunean eta kutsaduran eragin negatiboa izango zuela, eta saltoki txikien interesak defendatu zituzten. Auzitegiak arrazoia emateko itxaropena agertu zuten, Donostiako Udalaren Plan Berezia "erabat legez kanpokoa" dela argudiatuta.