2003an abiatu zuten Piraten mugimendua Donostian, Aste Nagusiaren eredua ezbaian jarri eta jai herrikoiak aldarrikatzeko helburuz. Bi hamarkada geroago, berriz nabarmendu dute "jaia eraldaketa sozialerako tresnatzat" dutela, eta aurtengo ospakizunaren leloa ere horri begira sortu dute: Biba festa! Biba eraldaketa! Gainera, urteurrena gogoratzeko Aurtzaka goaz kantua aurkeztu dute.
Hogei urte bete dira Donostia "abordatzeko" helburuz Piraten mugimendua abiatu zela, eta horren kari aurten kantua sortu dute Aurtzaka goaz izenarekin: "Datorren abuztuan hogeigarren aldiz abordatuko dugu Donostiako hiria. Horiek horrela, zer hoberik musika baino jai herrikoien aldeko mugimenduaren 20 urteotako ibilerak eta fortunak ospatu eta ezagutarazteko?", azaldu dute.
"Festa ez da gertakari isolatu bat, gizartetik edo eguneroko bizitzatik aparte dagoen zerbait –azaldu dute Piratek–. Alderantziz, jaiak harreman sozialen, jarraibide kulturalen eta egiturazko arazoen eszenifikazio bat dira. Ospatzen dituen gizartearen errealitatea islatzen dute, eta, zentzu horretan, errealitate hori iraunarazteko mekanismo gisa balio dezakete".
Zentzu horretan, kantatzeari, dantzatzeari eta ospatzeari behar zaion garrantzia emanez, "erritu sozial funtsezkoa delako", lehenago Piratentzat egindako beste kanta batzuei gehituko zaie Aurtzaka goaz izeneko kanta berri hau. Bideoa ere osatu dute: