argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Parte Zaharreko Kijera gaztetxea, husteko arriskuan
  • Udalaren notifikazioa jaso eta egoeraren berri emateko bilera informatiboa egin dute asteazkenean. Gaztetxeko kideek bost egun dituzte helegiteak aurkezteko.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 27a
Argazkia: @ikiagirre / Twitter bidez

Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, Donostiako Udalak gaztetxearen aurkako prozedura abiatu duela jakinarazi die Kijerako kideei. Kanpandegi kalean dago gaztetxea, eta Jaurlaritzak eraikina “lehenbailehen” berreskuratu nahi duela jakinarazi dute gazteek. Jakin bezain pronto herritar orori zabaldutako bilera informatiboa egin dute.

Eraikina okupatzeko zilegitasunik ez dutela eta erabilera “pribatiboa” egiten dutela leporatu die Udalak. Hori gezurtatzeko, helegiteak masiboki aurkezteko deialdia zabaldu diete hiritar zein eragileei –nola egin beharko den azaltzeke dute–. Helegiteak, gehien jota, urtarrilaren 2an aurkeztu beharko dira, eta Kijerako kideek jakitera eman dutenez, denak azken momentuan aurkeztuko dituzte.

“Desobedientziaz aritzeko prest” daudela adierazi dute, eta ez dutela “gaztetxetik joateko inolako asmorik”. Dena den, auzia bide administratibotik konpontzen saiatuko direla esan dute. Bestalde, abenduaren 29rako auzolana deitu dute, 10:00etatik 14:00etara, gaztetxea loaldietarako prestatu asmoz.

Iñaki Agirrek egin du bileraren jarraipena Twitter bitartez, eta Irutxuloko Hitza-k albistea argitaratu du: