argia.eus
INPRIMATU
Donostiako olatu artifizialen proiektua bertan behera uzteko eskatu du hainbat surflarik
  • Donostian eraiki nahi duten olatu artifizialezko Surf Park egituraren aurka hamabost argudioko manifestua aurkeztu dute. Gipuzkoako hainbat surflarik manifestua sinatu dute dagoeneko eta proiektua gelditzeko sinadura bilketa zabaltzea da orain asmoa.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 04a

Mobilizazioak, informazio-kanpaina eta sinadura bilketa iragarri du Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan kolektiboak, Donostiako Antondegin olatu artifizialen instalazioa eraikitzeko asmoa bertan behera gera dadin. Eneko Goia alkateari eta Udaleko alderdi politikoei eskatu diete aurkeztu dituzten argudioak irakurri eta aintzat har ditzatela. Eta herritarrei berriz, argudio guztiekin bat etorri ez arren horietako batzuekin ados egonez gero, proiektuaren kontra sinatu dezatela.

“Garaiz gaude proiektu hau geldiarazteko”

Hamabost argudio zerrendatu dituzte. Laburrean, sinatzaileen iritziz “proiektu honek ez dio surflarien eskaera bati erantzuten; enpresak ezarritako irizpideak betetzen dituzten surflariek eta txapelketa jakin batzuetan aritzen direnek baino ezingo lukete erabili; antzeko azpiegitura du enpresak Aizarnazabalen; surfaren artifizializazioa sustatzen du; olatu artifizialek eliteko surflarien prestakuntzan lagun dezaketela pentsatzea gehiago da uste bat errealitate bat baino; olatu artifizialetan egiten diren txapelketak oso eskasak dira; azpiegiturak ingurumen ondorio oso negatiboak izango lituzke; sarrerak prezio altua izango luke; etorkizunean jende guztiarentzat irekiz gero, masifikazioa areagotuko litzateke; garapen jasangarriarekin bateraezina da masa-turismoa eragin dezake; itsasoaren aldamenean olatu artifizialen instalazio bat eraikitzea zentzugabea da erabat; atzerapauso handia litzateke trantsizio energetikoan; Europar Batasunaren jarraibideen aurka doa guztiz; min berezia ematen digu horrelako proiektu bat surfaren izenean proposatzeak; eta garaiz gaude proiektu hau geldiarazteko”.

Dagoeneko sinatu duten surflari gipuzkoarren artean daude, besteak beste, Gorka Alcantarilla, Laida Rodriguez, Arkaitz Bardaji, Urko Otxoa, June Torrealdai, Janire Virgala, Unai Aizpurua, Aurora Makazaga, Lo Eizagirre, Mikel Troitiño, Ganix Arakistain, Iñigo Herrero, Alex Uranga, Mikel Olabarria eta Ibon Pazos.