argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Metroko zuloa orain arteko handiena dela esan du ETS-k
  • Euskal Trenbide Sareak Donostiako Metroaren obretan agerturiko azken zuloa aurrekoak baino lau aldiz handiagoa dela adierazi du. Maiatzaren 7an eragindako zuloak 138 metro kubiko dauzka. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko maiatzaren 25
Argazkia: Satorralaia

Maiatzaren 7an Kontxako hondartzako kabinetan beste zulo bat agertu zela salatu zuen EH Bilduk. Donostiako Metroko obretan agertu den hirugarren zuloa da, eta Euskal Trenbide Sareak astelehenean adierazi duenez orain arteko handiena izan da. Zuloa estaltzeko 130 metro kubiko hormigoi behar izan dituztela esan du ETS-ko zuzendari den Ernesto Martinez de Cabredok; ekainean eta irailean agertutako zuloetan erabilitakoa baino lau aldiz gehiago.

EH Bilduk herritarren eta langileen segurtasunagatik lanak gelditzeko eskatu du berriro, inguruko lurpeari buruzko "azterketa sakona" egin arte. "Orain arte egindako azterketek horrelako zulo handi bat antzemateko gai izan ez badira, nola ziurta dezakezue lanak ekainean berriro hasiko direla, ezer gertatuko ez balitz bezala?", galdetu du Garbiñe Alkizak obren jarraipen-batzordean.

Horrez gain, ETSri zuloaren agerpena ezkutatu izana leporatu dio Alkizak: “Lehenik eta behin, zuloa zegoela ezkutatu zuten, eta gero, EH Bilduk argitara eman zuenean, garrantzia kentzen saiatu dira, gaur egun zulaketekin jarraitzeko segurtasun-berme nahikorik ez dagoela ezkutatzeko, eta jakin badakitelako obretan lardaskeria egiten ari direla”.