Donostiako Antiguako hainbat eremutan zuhaizti eremu zabalak kaltetu zituzten metroko obrek joan den abenduaren 12tik 15era egindako baso-mozketek. Eguzki talde ekologistak eta auzotarrek jo zuten alarma.
Satorralaia metroaren kontrako bizilagunen mugimenduak salaketa jarri du Donostiako Udalean, erasandako natur ondarea aurreikusitakoa gainditu duelako. Horretarako, metroaren proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Neurri Zuzentzaileak hartu ditu kontuan: “Baso-mozketa hauek proiektuan aurreikusitakoa baino %40 gehiago hondatu dute” diote salaketan.
Zenbait kasutan kaltetutako eremua dokumentuetan ezarritakoaren bikoitzetik gora izan da. Hala, Zarautz etorbidean 1.000 metro koadro zuhaizti deuseztatu dituzte obrek, baimenduta zeuden 400 metro koadro beharrean.
Guztira 40 zuhaitz moztu behar zituzten, baina azkenean ehundik gora izan dira. Hala, soilik Pio Baroja parkean 60 zuhaitz moztu dituztela dio Satorralaiak, tartean 40 zentimetroko diametrora iristen ziren haritzak, zumar hosto txikiak eta lizarrak zeuden: “Baso mozketek nabarmen urratu dute neurri zuzentzaileen dokumentuan dioena”, dio mugimenduak.