"Litekeena da hamabost egun barru ni kaleratzea". Horixe dio Victor Gonzalo Riffok, asteartean Berriak argitaratu duen elkarrizketan izen-abizenak emanez publikoki adierazi duenez. Gonzalo Riffo Donostiako metroko langilea da eta publikoki salatu du besteren artean, soilik funtsezko lanak egiteko agindu zutenean, metroko obretan mantenimendu lanak egitera bidali zutela. Lan istripu bat gertatu zela ere jakinarazi du: Cavosa-Sacyr enpresako mekanikari batek istripu bat izan zuen makina batekin.
Iñaki Petxarromanek egindako elkarrizketan, Victor Gonzalo Riffok azaldu du Espainiako presidente Pedro Sanchezek funtsezkoak izan ezik, beste lan guztiak gerarazteko eta pertsonak konfinatzeko agindu zuenean, Donostiako metrora lan egitera joan behar izan zutela martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Donostiako metro polemikoaren arduradunek ez zuten agindua bete.
Berriak jakinarazi duenez, metroaren zulatze lanak bakarrik gelditu zituzten, baina, langile gehienak beharrean eduki zituzten atzeratutako lanak aurreratzen.
ELAk Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan Sacyr enpresaren adar bat den Cavosa Obras y Proyectos SAren aurka salaketa jarri du. COVID-19 izurriagatik Espainiako Gobernuaren dekretua ez betetzea egozten diete, eta langileen osasuna arriskuan jartzea.
Lan istripua tunelean
Martxoaren 31n Victor Gonzalo Riffo mekanikariak istripua izan zuela jakinarazi du, ia dozena bat tonako manipulatzaile teleskopikoarekin. Makina garbitzen eta konpontzen ari zela, maldan behera erori zitzaion. Makinak kalte ugari izan zituen, baina langileek ez zuten minik hartu. Enpresak hamabost eguneko zigorra ezarri zion langileari lanik eta soldatarik gabe.
Azpiko Berriak egin duen elkarrizketaren bideoa.