argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroko lanen irregulartasunak eta horiek salatzeagatik pairatutako mehatxuak salatu ditu langile batek
  • Donostiako metroko obretan kamioilari gisa lan egiten du Imanolek, eta bere testigantza eman dio Berriari. Irregulartasunak eguneroko ogi direla salatzeaz gain, horiek auzitara eramateagatik jasandako mehatxuez eta kalte psikologikoaz mintzatu da.

Amaia Lekunberri Ansola 2021eko maiatzaren 26a
Donostiako metroko obrak (Argazkia: Dani Blanco)

Berriari bere testigantza eman dio Donostiako metroaren lanetan kamioilari gisa lanean diharduen Imanolek (abizenik ez du eman segurtasun arrazoiengatik), laneko irregulartasunak salatzeko. Azaldu duenez, metroaren lanetan azpikontratatutako enpresa batentzako egiten du lan, eta nagusiak behartu egin du kamioian gainkarga eramatera, kostuak murrizteko. Nahiz eta horrek, Imanolek azpimarratu duenez, arriskuan jartzen dituen bera zein errepideko gainerako gidariak.

Lanean hasi zenetik izan da irregulartasunen testigu. Morlansko tuneletik ateratzen zuten materiala kamioian jaso eta zabortegira eramatea izanik bere eginkizuna, hasieratik baimendutakoa baino pisu gehiago garraiatu behar izan du. “Gure nagusiak presio batzuk dauzka, obrak bezala. Eta zer egin daiteke lana merkeago atera dadin? Bidaia bakarrean bi bidaietako karga eraman. Hiru ardatzeko kamioi batean, legez, hamabi tona garraia ditzakezu, eta gu 24rekin ibiltzen ginen. Gaitasuna bikoizten genuen”, azaldu du.

Egoera salatzeagatik mehatxatua

2019ko udan auzitara jotzea erabaki zuen Imanolek. Ordurako Ertzaintzak bost aldiz gelditua zuen, baskulara eraman eta karga pisatzeko; bost aldietan gainkarga zeraman. Kontrol horietako batean hurrena “ausarkeriaz gidatzea” leporatuko ziola jakinarazi zion Ertzaintzak. Noizbait istripuren bat izan eta pertsonaren bat hilko balitz, epaileak bere aurka eginen zuela ere esan zion Poliziak. “Eta nik hori ezin dut onartu”, aitortu dio Berriari. Laneko egoera okerra eta Ertzaintzaren abisuak kontutan hartuta, auzitara jo zuen. Ordutik sufrimendu handia pairatu duela adierazi dio egunkariari, presioa eta mehatxuak egin baitizkiote: “Nagusiak bazekienez salaketa nik jarri nuela, mehatxatu egin ninduen. Esan zidan salaketa kentzen ez banuen istripu bat izango nuela eta oso gaizki pasako nuela. Sindikatuarekin erabaki nuen hori Ertzaintzan salatzea. Handik hamar egunera, beste dei bat jaso nuen, sikario batena-edo. Esan zidan hilabete amaierara arte nuela salaketa kendu eta enpresatik alde egiteko, eta bestela ondorioak jasango nituela”. Pairatzen ari zen presio psikologikoa eragiten ari zitzaion kaltegatik, iazko otsailean baja hartu zuen, eta ia urtebetez egon da lanik egin gabe.

Dagoeneko, lau epaiketa izan ditu auziarekin loturan, eta aurretik ditu beste bi. Epaiketa horietako bat ostegunean du Donostiako Zigor Auzitegian, mehatxuak eta enpresaren irregulartasunak tarteko.

Imanoli egindako elkarrizketa osoa Berrian irakurgai.