argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Metroaren pasantearen aurka ekintza ugari antolatu dute
  • Donostiako metro-pasantearen kontrako Satorralaia mugimenduak ekimen ugari antolatu du maiatzean, ekainaren 2ko manifestaziorako deialdia indartu asmoz.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 26a
Satorralaia mugimenduak ekintza ugari deitu ditu (Arg: Satorralaia)

Lurpeko zulaketak hastear daude Pio Barojako Polikiroldegiaren ondoan, eta “egoeraren larritasunari behar den indarrarekin erantzuteko”, Satorralaiak dei egin die bizilagun eta gizarte eragile guztiei pasantearen aurkako kanpainari “bultzada berri bat” emateko.

Ekainaren 2ko manifestazioaren aurretik ekimen ugari antolatuko dituzte. Maiatzaren 10ean, 19:00etan, “Garraio Publikoa eta metroaren pasantea: Lehentasuna ala xahuketa?” mahai-ingurua egingo dute Karmelitasen parrokiako zinema aretoan. Maiatzaren 12an, parodiazko “bisita turistikoa” egingo dute, pasanteak hirian eragingo lituzkeen kalteak erakusteko asmoz.

Maiatzaren 21ean, 19:00etan batzar irekia egingo da Amarako eskoletan, eta 26 eta 27an, bizikleta martxa egingo dute eta kirol elkarteekin ekintzak antolatu dituzte Antiguan. Bukatzeko, hilaren 29an, 10 orduko enkartelada egingo dute.

“Obrak gelditzeko, obra honen diru-partidak jendarteak une honetan duen premia bizienak asetzera zuzentzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan informazio eta erabaki prozesu bat abian jarri dadila” eskatuko dute mobilizazioen bitartez.

Bestalde, egitasmoa babesten duten alderdiek “presioa” senti dezaten nahi dute: “Herritarren artean arbuio zabala jaso duen egitasmo honek modu fatidikoan aurrera jarraitzearen erantzule nagusia EAJ da”.