argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Metroaren Pasantea gelditzeko abuztuaren 29an kontzentrazioa deitu du Satorralaiak
  • Eusko Jaurlaritzari “era zeharo inposatzailean bultzatzen ari den” Metro egitasmoaren aurkako oposizioa adierazteko eta “Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan eztabaida publikoa eta erabaki prozesu parte hartzaile bat irekitzeko” deia luzatu dute mobilizazioarekin batera.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 28a

Mugimenduaren iritziz egitasmo xahutzailea da eta Ana Oregi sailburu ohiak berak obra faraonikotzat jo zuela gogoratu du.

Metroaren Pasantearen aurka ondorengo arrazoiak bildu dituzte:

- Donostian Metro bat eraikitzea ez da beharrezkoa: hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du, eta desplazamenduak oinez edo bizikletaz ere eroso eta arin egin daitezke. Mugikortasuna hobetzeko badira Metroaren pasantea baino proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu sozial askoz ere txikiagokoak.

- Metroa egingo balitz, Dbus autobus konpainia litzateke kaltetuena, eta autoen trafikoa ez luke gutxituko.

- Hirigunean eragin handia izango luketen eraikuntza-lanak egin beharko dituzte, baita Kontxako hondartza zulatu ere.

- Metroarekin sustatzen den hiri-eredua auzitan dago, pasanteak erdialdeko gune turistikoaren eta merkatal-denda handien inguruan eredu zentralizatzailea bultzatzen duelako.

- Egitasmoa inolako parte hartze sozialik gabe bultzatu dute, eta 9.000 donostiarren sinaduren babesarekin proiektua gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaerari ezezkoa eman diote.