argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroko Mirakontxa-Easo zatiaren lanek %164ko gainkostua dutela salatu dute
  • Satorralaiak plataformak eman du gainkostuaren berri, informazioa Jaurlaritzari eskatutako txosten batetik aterata. Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren, eta egungo aurrekontua 139,4 milioi eurokoa da. Donostiako metro-pasantearen obra orokorrari dagokionez, 2016an 172 milioi euroko aurrekontua zuen, eta egungo aurreikuspena 280 milioi eurokoa da. Gainkostua metroa "kosta ala kosta" egitearen ondorioa dela salatu du plataformak, herritarrek "behargabekotzat" jotzen badute ere.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 26a
Donostiako Metroa eraikitzeko obrak, artxiboko irudia Dani Blanco /ARGIA CC BY-SA

Metroa eraikitzeko gastuei buruzko informazio eskaera egin zion Satorralaiak Eusko Jaurlaritzari. Urtarrilaren 21ean igorritako dokumentuak Mirakontxa-Easo zatiak sortutako kostuak jasotzen ditu, besteak beste.

Lanak bi fasetan egin direla adierazten du dokumentuak: lehenbizikoa Sacyr, Cavosa, Campezo, Mariezcurrena eta Zubieder enpresek osatutako ABEEren (Aldi baterako enpresa-elkarteak) esku geratu zen, 2017an, 53 milioi eurotako aurrekontuarekin. Azkenerako, 49,2 milioi gastatu zituzten. Baina Zubieta kalean sortutako zuloaren eta "indusketa lanen bi fronteetan ustekabean agertutako hondar eta ur kopuru handien" ondorioz obrak geldiarazi zituzten, eta bigarren faseari beste proiektu batekin ekin zitzaion. Jaurlaritzak Altuna eta Uria, Acciona eta Iza enpresen elkarteei esleitu zizkien obrak, 47,8 milioi eurotako aurrekontuarekin. Baina bigarren fase horren kostua 90,2 milioira igo zen ondoren. 

"Mirakontxa-Easo metro zatiaren aurrekontua 2017ko 53 milioi eurotatik gaur egungo 139,4 milioietara igo da: %164,4ko gainkostua" laburbildu du Satorralaiak-ek.
Halaber, "Donostiako metro-pasantearen obraren guztizko aurrekontuaren" gainkostu orokorra ere salatu du: 2016an onartutako proiektuak 172 milioi eurotako aurrekontua bazuen, gaur egun 280 milioi eurotaraino igo da aurreikuspena.

Jakinarazi gabeko emergentziazko obra

Jaurlaritzaren txostenak hiru "emergentziazko obren" informazio ere jasotzen du. Lehena 2021eko martxokoa, Easo Plazaren azpian, 5,8 milioiko aurrekontuarekin. Bigarrena 2021eko ekainekoa, Kontxako hondartzaren azpian, 2,7 milioiko aurrekontuarekin. Bi horiek publikoki ezagutarazi ziren bere garaian, baina, Satorralaiaren esanetan, ez txostenak jasotzen duen hirugarrena. 2024ko apirileko obra bati dagokio, 14 milioi euroko aurrekontuarekin, "Erdialde-Kontxako Geltokiaren obragunean" eginak. "Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udal Gobernuak publikoki inoiz informatu ez duten hirugarren emergentziazko egoera bat suertatu zela erakusten du horrek", plataformak salatu duenez.

Hiriarekiko eta auzoekiko jasangarria den garraio publikoaren alde egin du Satorralaiak, "horrelako obra erraldoi eta xahutzailerik egin behar izan gabe". Gainkostuak lanak "hiriko lurpearen baldintzak aintzat hartu gabe" egitearen eta "kosta ahala kosta eraiki nahi izatearen" ondorio direla salatu du.